Orion hilketa matxista gertatu zen lekuan, kandela jarri zituzten hurrengo egunean.

2023ko ekaineko Uztarria aldizkarian argitaratutako iritzi artikulua da honakoa.

Eskuak burura eraman ditugu Orion hilketa matxista izan dela jakin berritan. Nola liteke? Nola gerta daiteke halako basakeriarik? Horrelakoak, oraintsu arte, Ebrotik behera gertatzen zirelakoan geunden asko, baina etxe ondoan ere modu berean pasatzen dira. Izan ere, aski jakina da indarkeria matxistak ez dituela mugak bereizten, indarkeria matxistak ez duela mugarik.

Bada, baina, egunotan barrenak mugiarazi dizkidan beste kontu bat, hilketa horri zuzenki lotutakoa. Orioko hilketa gertatu eta gutxira, argazki ugari hasi ziren sarean eta hedabideetan barrena zabaltzen: hildakoen aurpegiak pixelatutakoak, hilotzak izaraz estalita ageri zirenak, Ertzaintza hildakoei izara jartzen aritu zen unekoak, ezkerretik ateratako argazkiak, eskuinetik egindakoak, etxeren bateko altueratik angelu pikatuan hartutakoak...

Irudiaren aroan bizi garen honetan, irudiak inoizko garrantzi handiena duen aldi honetan, sekula baino errespetu gutxiagoarekin erabiltzen ditugu horiek. Teknologiak aurrera egin duen heinean, gizakiok atzera egin dugun sentipena daukat. Etika gutxi erakusten dugulakoan nago, eta erantzukizunik hartu, batere ez. Lerrootan ez naiz hasiko moralari buruzko gogoetan, baina uste dut barra-barra kontsumitzen ditugun irudien gaineko kontzientzia pixka bat hartu behar genukeela, gutxienik. Izan ere, zenbatetan zabaldu dira –edo ditugu– protagonisten intimitatea urratzen duten irudiak?

Eta sare sozialetan nola, hedabide askotan ere hala. Clickbaitaren hatzaparretatik ihes egiteko asmo txikienik ere ez duten hedabide horientzat opari baino ez dira irudiok. Antza, indarkeria matxistak legez, morboak ere ez du mugarik batzuentzat. Argazkiak esplizituak badira oso ondo, eta odola agertzen bada, askoz hobe! Badirudi biktimarekin eta haren gertukoekin asko pentsatu gabe egiten dituztela halakoak, baina ez; gero eta garbiago daukat nahita, oso nahita egiten dituztela, helburu bakar batekin: bisitak. Izan ere, odola baino zer hoberik indarkeria matxista ilustratzeko?

Nik ere ikusi nituen irudiok, bai, ez dut ukatuko, baina kezka sentitu nuen, eta nazka ere bai, zergatik ez esan. Kezkatzen nauena da irudiok besterik gabe kontsumitu ditugula, askorik harritu eta haserretu gabe, eta hildakoak ikusi ditugula aurpegia pixelatuta edo izaraz estalita, eta ez garela beldurtu; ze gure pantaila txiki, ertain eta handi guztietara iritsi diren irudiak ezer badira, beldurgarriak eta salagarriak dira. Tarantinoren pelikula bat ikusi ostean egindako amets batean agertutako irudiak balira sikiera Oriokoak...

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!