Eskerrik asko, denoi

Arrantzale Egunaren antolatzaileak 2023ko uzt. 5a, 15:00
Uztailaren 1ean izan zen Arrantzale Eguna.

Arrantzale Egunaren antolaketa taldeak Karkarara gutuna bidali du pasa den larunbatean izan zuten babesa eskertzeko. "Uztailaren 1ean, 200 pertsonatik gora ibili ginen herriko kaleak alaitzen, eta esker hitzak besterik ez ditugu", adierazi dute.

Marisak esan duen bezala "herri ekimenak egiten gaitu, benetako herri!", eta hala sinesten dugu Arrantzale Eguna antolatzen ibili garenok ere. Festa parte hartzaileak bultzatzeko asmoarekin hasi ginen lanean orain dela zazpi urte, eta oso pozik gaude lortutakoarekin. Uztailaren 1ean, 200 pertsonatik gora ibili ginen herriko kaleak alaitzen, eta esker hitzak besterik ez ditugu. Boskote bat gara antolatzaileak, baina egindako guztia ez zen posible izango jende askoren laguntzarik gabe.

Eskerrik asko, Orioko Udalari, zuen babesagatik eta laguntzagatik. Hasieratik gure ondoan sentitu zaituztegu eta bidea erreztu diguzue. Eskerrik asko, arrantzaleei, gaur egungoei eta lehengokoei, zuek izan zaretelako gure inspirazioa eta aitzakia hau guztia aurrera eramateko. Eskerrik asko, Salatxo abesbatzari. Festaren zati garrantzitsua zarete. Musikak gure aldartean eragin zuzena du eta batu egiten gaitu. Hainbat herritar batera abesten entzun izana benetan hunkigarria da. Eskerrik asko, Orioko brigadako langileei. Izugarrizkoa izan da egin duzuen lana. Ikusten ez den lana da, baina guk asko estimatzen dugu.

Eskerrik asko, sozidadeetako kideei herrian sardin usaina zabaltzea posible egiteagatik. Eskerrik asko, Orioko herriko komertzioei zuen erakuslehioak egunarekin bat eginez atontzeagatik. Eskerrik asko, nola ez, dantzari guztiei. Inoiz ikusi al zenuten halako jende kopurua herriko kaleetan barrena dantzan? Eta plazan? Ez dira askotan ikusten belaunaldi desberdinetako dantzariak elkarrekin dantzan. Eta eskerrik asko Etxe Luze Gaztetxeko lagunei zuen ateak zabaltzeagatik entseguetarako.

Eskerrik asko, figurante eta laguntzaile guztiei. Zuen ilusioak betetzen gaituelako eta egun borobila lortzen lagundu diguzuelako. Eskerrik asko, Bentazaharreko Mutiko Alaiei eta Alaitz eta Ainarari, zuen doinuek herria dantzan jarri zutelako. Eskerrik asko, gure etxekoei. Bilera eta entsegu orduak luzeak izan direlako. Zuen babesa oso garrantzitsua da guretzat. Eskerrik asko, modu batera edo bestera gure ondoan izan zareten guzti-guztioi, eta eskerrik asko, Orioko herriari ere, izan dugun harreragatik.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!