Askotariko kultur eta kirol ekitaldiek hartuko dute Orio irail amaierara arte

Onintza Lete Arrieta 2023ko uzt. 8a, 09:05

Neomak musika taldeko partaideak. Horien emanaldiarekin amaituko da Orioko udako kultur programa.

Orioko Udalak kaleratu du udako kultur programa, eta gaur hasi eta irailaren 30era bitarte hogei ekitaldi inguru izango dira herrian. Ohikoak dira batzuk, esaterako, Bisiguaren Festa, Zinea Kalean eta Gure Zirkuaren emanaldiak. Indar handiena, berriz, musika ekitaldiek hartuko dute.

Atzo, ostirala, udako kultur eta kirol programaren berri eman zuen Orioko Udalak. Hala, gaur hasi eta irailaren 3oera arte, hogei ekitaldi inguru hartuko ditu herriak. Datorren astean izango da, esaterako, Bisiguaren Festa, eta arraun estropadak ere orduan jokatuko dituzte herriko uretan.

Azken urteetan bezala, aurtengoan ere Mendibeltz futbol zelai ondoko berdegunean Gure Zirkuaren emanaldiez gozatzeko aukera egongo da abuztu osoan zehar, eta Zinea Kalean egitasmoa ere antolatu dute beste uda batez.

Antzezlanak, ikuskizunak eta musika saioak ere antolatu ditu udalak udarako. Gaur iluntzean, esaterako, GHAU musika eta dantza ikuskizuna eskainiko dute Mutiozabal plazan, 19:30ean. Uztailaren hondarrean, berriz, II. Antilla Reggae Jaialdia izango da hondartzan, zuzeneko lau emanaldirekin.

Udako programazioa irailaren 30ean amaituko da, Neomak musika talde ezagunaren emanaldiarekin.

Udako programa

  • Gaur, larunbata. GHAU ikuskizuna, Gartxot Unsain eta Jaiotz Osaren eskutik. 19:30ean, Mutiozabal plazan.

  • Uztailak 14-16. 14. Bisiguaren Festa, Herriko Plazan.

  • Uztailak 15, larunbata. Orioko Kanpina 5. Bandera traineru estropada. KAE2 Liga. 14:00etan, errioan.

  • Uztailak 16, igandea. Orioko 23. Emakumezkoen Estropada eta Orioko Kanpina 11. Bandera. 11:25ean, itsasadarrean.

  • Uztailak 21, ostirala. Zinea Kalean: Nora (jatorrizko bertsioa, euskaraz). 22:00etan, hondartzan.

  • Uztailak 22, larunbata. Urpeko arrantza lehiaketa. Antolatzailea: Muskuilu Harria. 09:00etan, kirol portuan.

  • Uztailak 24, astelehena. Gazte ikuskizuna, Hika Teatroaren eta Oinkari dantza taldearen eskutik. 20:00etan, hondartzan.

  • Uztailak 25, asteartea. Arrain txikien arrantza lehiaketa. Antolatzailea: Muskuilu Harria. 09:00etan, kirol portuan.

  • Uztailak 29, larunbata. II. Antilla Reggae Jaialdia: Belen Natali, GWA YA Reggae, Revolutionary Brothers eta Eira. 17:00etan, hondartzan.

  • Abuztuak 4-29. Ostegun, ostiral, larunbat eta igandeetan, Gure Zirkuaren ikuskizuna. Mendibeltz futbol zelaiaren ondoan.

  • Abuztuak 3, osteguna. Trophée Teink arraun zeharkaldia Oriora iritsiko da. Arratsaldean, errioan.

  • Abuztuak 4, ostirala. Zinea Kalean: Spider-Man: No Way Home (gaztelaniaz). 22:00etan, hondartzan.

  • Abuztuak 6, igandea. Mola-Market. Artisauak eta musika. Egun osoan zehar, hondartzan.

  • Abuztuak 18, ostirala. Zinea Kalean: Little Miss Sunshine (euskaraz). 22:00etan, hondartzan.

  • Abuztuak 25, ostirala. Turisteando kale antzerkia, Trapu Zaharra konpainiaren eskutik. 20:00etan, hondartzan.

  • Abuztuak 26, larunbata. Organo kontzertua Donostiako Musika Hamabostaldiaren barruan. 19:30ean, elizan.

  • Irailak 2, larunbata. Mola Five, kirola eta festa uztartzen dituen jaia. Egun osoan zehar, hondartzan.

  • Irailak 16, larunbata. NAO-NOW-NAU zirkua eta antzerkia uztartzen dituen ikuskizuna, Cía Barréren eskutik. 19:30ean, Herriko Plazan.

  • Irailak 30, larunbata. Neomak taldearen kontzertua. 19:30ean, Herriko Plazan.