Nagore Urdapilleta: "Orain gure helburua da Orioko bandera eskuratzea"

Onintza Lete Arrieta 2023ko uzt. 10a, 11:18
Nagore Urdapilleta, iazko traineru ligan irabazitako lehen banderarekin. (Onintza Lete Arrieta)

Orio Orialkiko arraunlariak errezibimenduan egin zion atzoko estropadaren balorazioa KARKARAri, eta azpimarratu zuen aurreneko bi estropadak "galdu arren", lortu zutela "burua hotz mantentzea". Garaipenaz gozatu ondoren, etxeko estropadara begira hasiko dira lanean gaurtik aurrera.

Traineruek oso berdinduta hasi dute Euskotren liga, eta horren lekuko, aurreneko hiru estropadetan hiru garaile desberdin izan direla; azkenekoan, atzo, Oriok lortu zuen hainbeste borrokatutako bandera Zierbenan (Bizkaia), eta herritarrek eta udalak egin zieten errezibimenduan orain artekoaren balorazioa egin zion KARKARAri Nagore Urdapilleta arraunlari bidaniarrak.

Kostatu egin da aurreneko bandera irabaztea, baina ekinaren ekinez lortu dutela azpimarratu du Urdapilletak: "Liga hasiera ona ez dugu izan, eta Patxi [Frances] ere gaixo eduki dugu, baina aurreneko bi estropadak galdu arren burua hotz mantendu dugu, eta ikusi dugu segiz eta segiz atera dela atera behar zen emaitza". 

Aurten zortzi talde ari dira lehian gorengo mailan, eta Urdapilletak uste du aurreneko lauzpabost traineruak "elkarrengandik oso gertu" daudela "liga hasiera honetan behintzat". Galiziako estropadan, esaterako, "sei segundoren barruan ibili ginen bost traineru, eta larunbatean ere Donostian denok oso gertu gelditu ginen elkarrengandik". Atzo beraiek eskuratu zuten saria, baina astero-astero borroka handia espero du Urdapilletak: "Guk irabazi dugu Zierbenan, baina hurrengo astean Bilbon edo Orion edonork irabaz dezake; espero dugu Orion guk irabaztea eta etxean gelditzea bandera".

Atzo garaipenaz gozatzeko tartea hartuta, "lehenengo errezibimendua izan delako eta lehenengoa beti delako berezia", gaur lanari gogor ekingo diote, Orioko banderari begira batez ere. "Bilbokoari jarriko diogu atentzioa eta saiatuko gara etxera ekartzen, baina Oriokoa berezia da, eta etxeko bandera herriari eskaintzea polita da".

Atzo bertan, herritar ugari elkartu zen plazan arraunlariak txalotzeko, eta eskertuta mintzatu zen bidaniarra: "Euria egin arren plazan hainbeste jende elkartzeak asko esaten du herriaz eta zaleez, eta errezibimendua KAE2ko mutilekin partekatzeak beste poztasun bat ematen dio guztiari".

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!