Herriko merkatariei inkestak egiten hasiko dira plangintza estrategikoaren barruan

Andrea Zipitria 2023ko uzt. 12a, 12:14
Plangintza estrategikoaren aurkezpen saioan hainbat merkatari. (Andrea Zipitria)

Merkataritza planaren egitasmoa aurkeztuko zitzaien dendari eta ostalariei, atzo. Bertan azaldu zutenez, herriko komertzioaren egoera hobetzea da asmoetako bat. Horretarako, diagnosi bat egiteko inkestak egin dizkie herriko kontsumitzaileei, eta orain merkatariekin hasiko dira.

Orion merkataritza plangintza estrategikoaren garapenean murgilduta daude. Azterketa Dendartean, Gipuzkoako Merkatarien Federazioa, ari da egiten, Orioko Udalaren eskaeraz. Bada, atzo, merkatariei plana aurkezteko saioa egin zuten kultur etxean. Urolako Komuniazio Taldea (UKT) bertan izan zen. 

"Inguru aldakor batean bizi gara erosteko ohiturak azken urteetan erabat aldatu egin dira. Duela hamabost urte herritarrak genituen ohiturak eta gaur egun ditugunak ez dute zerikusirik, eta egoera horren aurrean merkataritzak ere egokitu egin behar du", azaldu zuen Dendartean federazioko teknikariak aurkezpenean. Egokitzapen horretan,  instituzio publikoen laguntza beharra azpimarratu zuen, merkataritza txikiak bizirik mantentzeko:  "Laguntzeko behar bat identifikatu da, eta plangintza estrategiko honek egingo luke laguntza horiek guztiak marko baten barruan sartu". 

Plan estrategikoaren arrazoiak zehaztuta, prozesuaren inguruko xehetasunak eman zituen teknikariak. Hiru sektore hartuko dituzte kontuan plan estrategiko honetan: merkataritzarena, zerbitzuena eta ostalariena. Horien guztien egungo "rola zein den identifikatuko da, laguntzeko asmoz". Nolabait esateko, ikusi nahi da "zein den egungo merkataritzaren argazkia, eta argazki hori hobetzeko, egin daitezkeen ekimen ezberdin horiek zehaztu egingo dira". 

Lehenengo fasea

Plangintza estrategiko batek bi fase baditu ere, momentuz lehena egingo dute; diagnosiarena, hain zuzen. Diagnosi fasearen baitan, hiru arlo aztertzen ari dira: alde batetik eskaria. Hau da, kontsumitzaileen alderdia aztertuko dute, "herritarrek zer eskatzen duten edota zer botatzen duten faltan jakiteko". 

Bestetik, eskaintza analizatuko dute, "merkataritza establezimenduek zer behar dituzuen, zer botatzen duten faltan edota zer hobetu daitekeen adierazi dezaten". 

Hirugarrenik ikertuko dute, hirigintza komertziala espazialki herrian merkataritza nola dagoen kokatuta; "ea auzo konkreturen batean zerbait falta den, oreka dagoen biztanleak dauden auzoen eta merkataritza establezimenduak dauden tokien artean eta nola hobetu daitezken espazio horiek". 

Momentuz, erosleei inkestak egiten hasi dira, eta aste honetan bertan ekingo diote merkatariei inkestak egiteari. Hirigintza komertzialaren baitan, berriz, 50 lokal inguru hutsik daudela ikusi dute, eta egoera horri ere erreparatuko diote, buelta nola eman jakiteko. 

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!