Arraun festa izango da asteburuan Orion

Onintza Lete Arrieta 2023ko uzt. 13a, 16:00

Gaur goizean aurkeztu dituzte asteburuko estropadak Orioko Kanpinean. Ezkerretik hasita EH Bilduko zinegotziak, alkatea, EAJko zinegotzia eta arraun klubeko ordezkariak. (Onintza Lete Arrieta)

Larunbatean KAE2 ligakoek erlojuaren aurkako estropada jokatuko dute eguerdian errioan, eta igandean hondartza inguruan egingo dituzte Euskotren eta Eusko Label ligetako estropadak. Banderak etxean gelditzeko aukera handiak ikusten ditu Iosu Esnaola Orio Arraunketa Elkarteko presidenteak.

Asteburu borobila dute zain oriotarrek: Bisiguaren Festak hartuko du erdigunea ostiral iluntzetik igande eguerdira, baina ez da ekitaldi bakarra izango, ohi bezala, traineru denboraldiko etxeko estropadak ere asteburu honetan jokatuko baitituzte.

KAE2 ligako jardunaldia izango da aurrena, larunbatean, 14:00etan. Erlojuaren aurka zazpi talde ariko dira nor baino nor bi txandatan banatuta errioan, tartean Orio B taldea. Orain arteko hiru banderak irabazi dituzte oriotarrek, eta larunbatekoa ere etxean gelditzeko aukerak ikusten ditu Iosu Esnaola Orio Arraunketa Elkarteko presidenteak. Estropada horrek "kutsu berezia" duela kontatu du Esnaolak, "ziaboga Kolon Txiki parean izaten delako, eta zubi azpitik pasatze horrek ere bere indarra duelako". Gainera, "herriko gazteak izango dira arraunean, eta oso ondo dabiltza".

Igandean, 11:25ean hasiko da Euskotren ligako estropada itsasoan, eta 12:15ean, berriz, Eusko Label ligakoa. "Euskotren liga aurten inoiz baino parekatuago dago, baina gu azken bandera irabaztetik gatoz, eta gainera, etxeko banderak duen ilusioarekin aterako gara", esan du presidenteak emakumezkoen estropadaz. "Iaz lortu zen, eta iluntzeko ongietorria sekulakoa izan zen", gogoratu du.

Gizonezkoen taldeari dagokionez, Esnaola ziur da "oraindik onena emateko" duela taldeak, eta herritarrei eta zaleei "pazientzia" eskatu die, oraindik hiru estropada bakarrik jokatu direlako. "Mutilak ondo ari dira arraunean, eta uste dut  konfiantza eman egin behar diegula, azken urteetan erakutsi dutelako lana ondo egin dutela".

Oraingoz bi metroko olatuak emanda daude iganderako, baina Esnaolak zuhur hitz egin du eguraldiaz: "Esaten da itsasoaz asko dakienak ere oso gutxi dakiela, eta ezin da jakin".

Festa, plazan

Arraun jardunaldiaren harira, plazan pantaila handia jarriko dute estropada zuzenean bertatik ikusi ahal izan dezaten herritarrek, eta Euskal Parrillako produktuak ere hantxe eskainiko dituzte. Nahi duenak aukera izango du, gainera, aurreko urteko garaikurrekin argazkia ateratzeko, koroak han egongo baitira ikusgai.

Bisigu Eguneko bazkariak ere plazan dira, eta giroa ziurtatuta dago, beraz. Gainera, Esnaolak azaldu du Orio Arraunketa Elkartearen babesle guztiak egun horretan plazan izaten direla bazkaltzen klubak gonbidatuta, eta emaitzek laguntzen badute, festa aparta izango dela uste du.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!