Divina Lamberri Elizondori omenaldi sentitua egin dio Orioko herriak

Maria Maya Manterola 2023ko uzt. 15a, 10:00

Bisiguaren Festaren hasiera ekitaldian herrian aski maitatua den Divina Lamberri Elizondo omendu dute aurtengoan. Anuska Esnal alkateak hitz ederrak eskaini zizkion hari.

Bisiguaren Festari ekiteko irekiera ekitaldia izan zen atzo plazan, eta urtero bezala, Orioko herritar bat omentzeko baliatu zuten hitzordua. Aurtengoan, Divina Lamberri Elizondo izan da herriaren aitortza jaso duena. Anuska Esnal alkateak azaldu zituen zergatiak ekitaldiko hitzartzean.

Lamberri errioari oso lotua egon den emakume bat da. Oriotar askok dakite bere ahotik hondartza bisitarientzat zela, eta herriko haurrak errioan ibiltzen zirela. Errioan Tolosako papertegiak zikinkeria botatzen zuenean, elizpeko harraskan garbitzen ziren. 

12 urte bete zituenean kontserbagintzan edo eskabitxerian hasi zen lanean. Arduradun amaitu zuen. Lamberrirekin batera omendu nahi izan zituzten lan ikusezinetan aritu ziren ehunka emakume ere. Atzerritik etorritako emakume ugari aritu zen lanean harekin, eta komunitatea egiteko ere pieza garrantzitsuak izan ziren kontserbagintzako langileak. 

Oso goiz alargundu zen, eta 29 urte egin zituen Usurbilgo arrandegi batean lanean, erretiroa hartu zuen arte. "Gizonenak ziren ofizioak bere afizio" egin zituen Lamberrik, ofizio horiek edukitzen uzten ez zietela eta. Anguletara joaten zen bakarrik, esaterako. 

Azken urteotan herriko festa guztietan arraina garbitzen izan da bere borondatez, eta Gizarte Zerbitzuetan ere beti jarri du bere alea. "Saltsa guztietan" aritu da Lamberri beti.

Esnalen hitzartzearen ondoren lore sorta eta festetako zapia eman zizkioten Lamberriri, eta udal ordezkarien nahiz ingurukoen aitortza jaso zuen. Irribarre apal batez eta urduri entzun zituen herritarren txaloak. 

Hona hemen Bisiguaren Festarekin lotutako ekitaldiak: 

Uztailak 15, gaur

12:00. Sagardo dastaketa.
12:00. Marmitakoa.
14:00. Bazkaria.
21:00. Afaria.

Uztailak 16, bihar

12:00. Bisigu lehiaketa.
14:00. Bazkaria

Argazkiak: Saioa Perona, Ander Edo eta Maria Maya Manterola.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!