Orio-Orialkiren bigarren taldeak eskuratu du bandera etxean

Maria Maya Manterola 2023ko uzt. 15a, 16:12

Orioko Kanpina 5. Bandera nagusitasunez eskuratu du gizonezkoen bigarren taldeak. Herritarren babespean jokatu dute etxean, eta zortzi segundo atera dizkio bigarren egin duen Portugaleteri.  

Bisiguaren Festak hartua du egunotan Orioko plaza. Gaurkoan, gainera, KAE 2 ligako Orioko Kanpina 5. Bandera erlojupekoa jokatu da errioan, eta zale ugari gerturatu da moilara nahiz errioko zubira estropada bertatik bertara ikustera. 

Etxekoen berotasuna gertu sentitu du Orio-Orialkiko bigarren taldeak, eta aise eskuratu du garaipena. Bigarren txandan jokatu du, eta estropadako sailkapenean zortzi segundo atera dizkio bigarren egin duen Portugaleteri. Hirugarren egin du, berriz, Astillerok. Hemen ikus daiteke gaurko estropadako sailkapena. 

Sailkapen orokorrean lehen postuan da Orio, Portugaleteri bost puntuko abantaila aterata, 28 punturekin. Bihar izango dute hurrengo estropada, Portugaleten bertan.

Argazkiak: @CRO_OrioAE eta Maria Maya Manterola.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!