Toki-Alai elkarteak prestatutakoa izan da bisigurik onena

Aritz Mutiozabal 2023ko uzt. 16a, 16:00

Xanti Peirok eta Lourdes Salsamendik jantzi dute aurtengoan txapela. Guztira, zazpi elkartek hartu dute parte eguerdian Bisigu Lehiaketan.

Muskuilu-Harri elkartea zen Bisigu Lehiaketako faboritoa, azken hiru aldietan irabazi ondoren, baina aurten garaipena Toki-Alai elkartearentzat izan da. Luis Mari Uranga etaJoxe Miguel Zendoia parrilleroek eta Patxi Larrañaga harakinak osatutako epaimahaiek itsuan probatu dituzte sariketako arrain preziatuak banan-banan, eta hirurek bat egin dute Xanti Peirok eta Lourdes Salsamendik aurkeztutakoa izan dela aurtengo onena.

Guztira, herriko zazpi elkarte aritu dira sukaldean –Arkaizpe, Elizpe, Aldara, Muskuilu-Harria, EA, Gure-Etxea eta Toki-Alai– eta parrilla artean, bisigua mimoz erretzen, bakoitzak bere estilora kozinatzen. Olioaz igurtzi aurrena, azala ongi txigortu bi aldetatik, erdiko hezurra kendu eta ozpina bota, baratxuria eta piperra... eta txukun-txukun aurkeztu. Beroari aurre egiteko, nola ez, txakolin freskoa eskura izan dute.

Toki-Alaikoak binaka aurkeztu badira ere, su artean Xanti Peiro aritu da buru-belarri. Bigarren aldia zuen aurtengoa lehiaketan parte hartzen zuela, eta iaz bigarren geratu ostean, aurten txapela bereganatzea lortu du. Pozarren zegoen lorpenarekin: "Giroa jartze aldera hartzen dut parte, eta aurten irabazi egin dugu".

Itsasoko jendea dela aitortu du, eta "ume koskorretatik ohituta gaude sukaldean aritzera, bai kozinatzen bai platerak garbitzen", baina ez du bere burua bisigua prestatzen iaiotzat jotzen. Edonola ere, oso gustura agertu da; izan ere, "garaipena lortzeko sentipen horrekin etorri naiz".

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!