Maialen Orbañanosek urrezko domina irabazi du Espaniako selekzioarekin

Aiora Larrañaga Solaberrieta 2023ko uzt. 17a, 10:20
Maialen Orbañanos EHF Championship-eko kopa eta dominarekin. (Orio Eragin)

Europako EHF Championship junior mailako txapelketa jokatu du Orbañanosek. Libe Arruabarrena, berriz, gaur bildu da Espainiako jubenil mailako selekzioarekin, eta datorren igandera arte egongo da kontzentratuta, abuztuaren hasieran Azerbaijanen jokatuko duten txapelketa prestatzen.

Orio Eragin klubeko bi jokalari Espainiako selekzioekin nazioarte mailako txapelketak jokatzen ari dira udan. Maialen Orbañanos gazteak atzo Europako EHF Championship junior mailako txapelketan urrezko domina lortu zuen Espainiako junior selekzioarekin. Klaipedan (Lituania) jokatu zuten txapelketa, eta finaleko partida Feroe Irletako selekzioaren aurka jokatu zuten, garaipena lortuz. Finala 34-23 emaitzarekin irabazi zuten, eta oriotarrak hiru gol sartu zituen partidan. Uztailaren 10tik 17ra bitartean jokatu zen txapelketa, eta jokatutako bost partidak irabazi zituen Orbañanosen taldeak.

Bestetik, Libe Arruabarrena gaur bildu da Espainiako jubenil mailako selekzioarekin, eta datorren igandera arte egongo da taldearekin. Hungarian lagunarteko bi partida jokatuko dituzte uztailak 21 eta 22an, Hungaria eta Norvegiako selekzioen kontra. Astebeteko kontzentrazioaren helburua da abuztuak 3tik 10ra Azerbaijanen jokatuko duten txapelketa prestatzea.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!