Iñaki Arrillaga: "Orain arteko lanaren eboluzio bat da egunotan aurkezten ari naizena"

Aiora Larrañaga Solaberrieta 2023ko uzt. 18a, 16:03

Artista oriotarrak arrauna eta abstrakzio geometrikoa oinarri hartuta burdinazko eskulturak sortu ditu azken aldian, eta bilduma berria aurkezteko erakusketa zabaldu du Kale Nagusiko 2. zenbakian.

Iñaki Arrillaga artista oriotarrak erakusketa ireki du Kale Nagusiko 2. zenbakian, eta orain arte erakusgai jarri gabeko bilduma aurkeztu du bertan: "Nire lanaren eboluzio bat da egunotan aurkezten ari naizena". Burdinez egindako eskulturak eta horma-irudiak dira, batzuk arrauna dute gai nagusi, eta besteek, berriz, abstrakzio geometrikoa. "Azken horiek Oteizaren lana inspirazio iturri hartuta egin ditut, berak erabiltzen zituen moduluak gogora ekarriz", adierazi du. Arrillagak orain arte burdina erabili izan du eskulturetan, baina orain urratsa aurrera egin du eta horma-irudiak ere material horrekin egitera animatu da. "Lehen egiten nituen laminetan oinarritu naiz eskultura horiek egiteko".

Arrillaga etengabe jarduten da arte adierazpen berriak aztertzen, eta burdinarekin lan egitea "naturaltasunez" iritsi dela sentitzen du. "Burdina lantzeko baliabide egokiak behar dira. Nik hasieran ez nituen, baina gaur egun eskura ditut, eta horrek ematen dit aukera gauza berriak probatzeko. Pauso batek bestera bideratzen zaitu, eta gustura nago emaitzarekin". Orain, abstrakzio geometrikoetan gehiago sakondu nahi du oriotarrak. "Geruza desberdinak konbinatuz, argi-itzalen bidez, bolumenak sortzen ditut. Nahi dut esparru hori gehiago landu, gauza oso interesgarriak sortu daitezkeela uste baitut". 

Erakusketan ikusgai jarri dituen lanez gain, baditu gehiago tailerrean, baina "lanak ondo hautemateko leku zabal eta erosoa" behar dela sentitzen du, eta aretoa mugatua denez, bildumako lan batzuk aukeratu ditu jendaurrean aurkezteko.

Iñaki Arrillagak erakusketa zabalik izango du uztailaren 25era bitartean, arratsaldez, 17:30etik 20:00etara bitartean; asteburuetan, berriz, erakusketa eguerdian partean ere irekiko du.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!