Udala txu-txu trenaren zerbitzuan hainbat aldaketa egitea ari da aztertzen

Andrea Zipitria 2023ko uzt. 20a, 08:30
Aurtengo txu txu trena.

Txartelaren salmenta, TAO makinen bidez egitea ari da aztertzen udala, baita Anibarko Portutik pasa beharrean itzuli guztietan, buelta luzea eta buelta motza ezartzea. 

Txu-txu trenaren udako zerbitzuaren harira herritarren hainbat eskaera jaso ditu Orioko Udalak, eta erakundeak azaldu duenez, hainbat aldaketa egitea ari dira aztertzen. Besteak beste, txartel salmentari, trenaren ibilbideari eta trenaren tamainari buruzko gogoeta egingo du udalak.

Txartelak turismo bulegoan eta kanpinean eskuratu behar dira gaur-gaurkoz. Dena den, herritar askok gidariarengana joaten jarraitzen dutela eta, atzerapenak eta ilarak sortzen dira, eta horren aurrean, txartelak TAOko makinaren bidez saltzeko aukera aztertzen ari da udala.

Bestalde, txu-txu trenaren ibilbidea luzatu egin dute aurten, Anibarko porturaino. Bada, aldaketa horrek trenak egiten duen itzuliaren iraupena luzatu du, eta ondorioz, trenen maiztasuna murriztu. Itzuli guztiak Anibarko porturaino egin beharrean, buelta motza (Ikastolako plazaraino) eta buelta luzea (Anibarko porturaino) txandakatzeko aukera aztertzen ari da udala.

Gainera, aurtengo trena pixka bat txikiagoa da, Ibai Ondo kaleko zubi azpitik pasatu behar duelako Anibarko porturaino iristeko, eta horrek eragina izan du ibilgailuaren irisgarritasunean. Izan ere, trena txikiagoa izanik, eserlekuen arteko tokiak estuagoak dira. Horren aurrean, udalak aurtengo esperientzia baloratuko du, eta datorren urtera begira, beharrezko aldaketak egingo ditu trenaren irisgarritasuna bermatzeko.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!