Galiziatik Oriora, itsasoko mokadu gozoak

Onintza Lete Arrieta 2023ko uzt. 20a, 14:25

Galiziako Xuntaren kanpaina da Pescaderías zigilua bultzatzeko, eta sukaldea daukan furgonetarekin ari dira Done Jakue bidea egiten. Gaur iluntzera arte doan dastatu ahalko dira itsas produktuekin egindako jakiak.

Galiziako Xunta eta Itsasoko Kontseilaritza kanpaina ari dira egiten Galiziako itsas produktuak ezagutzera emateko eta Pescaderías zigilua bultzatzeko. Arrantza artisau eran egiten dute zigilu hori daramaten produktuen enpresek, eta herriz herri dabiltza, Done Jakue bideari jarraika, herritarrei produktu horiekin egindako mokaduak eskainiz.

Otsailean Galizian hasi zuten bidea, eta atzo Zarautzera iritsi ziren. Gaur, osteguna, Orion daude goizetik. Eguerdian atsedenaldia egin ondoren, arratsaldean 17:00etatik 20:00etara egongo dira, eta gerturatzen direnek doan dastatu ahal izango dituzte pintxo nahiz kroketa gozoak. Gaur bakarrik egongo dira Orion, eta bihar, Irun aldera jarraituko dute bidea.

Mokadu zaporetsuak

Eguerdi partean bi eratako kroketak eta opil bat dastatzeko aukera egon da. Opilak babarrun mousse-a darama, Albariño ardotan eskabetxatutako muskuilua eta wakame alga. Kroketak, berriz, batek txibia bere tintan, eta besteak, Galiziako gazta mota bat sardinarekin eta marmeladarekin.

Arratsalde partean, berriz, "haurrentzat aproposagoak" diren mokaduak eskainiko dituzte.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!