IRITZIA

Nahi dugun turismoa

Adrian Garcia 2023ko uzt. 22a, 09:00
Oriako itsasadarra. (Orioko Udala)

Uda iristearekin batera bisitariz betetzen da herria, eta horren harira turismo ereduaren inguruko hausnarketa egin du Adrian Garcia Orioko Turismo, Merkataritza eta Ostalaritza teknikarik KARKARA aldizkariaren uztaileko zenbakiko Akuilua Hartuta atalean.

Zuhaitzetako hostoek nola, herriek ere hala aldatzen dute kolorez urtaroarekin bat. Udaberri goxoan loratutako grina guztiz askatzen da udan, eta bestelako kolorea hartzen du Oriok: errio inguruko arranplak gaztetxoz betetzen dira, uretan murgiltzeko prest; jatetxeetako terrazak hartzen dituzte bazkaltiarrek bazkalondo luzeetan; erromesek arnasa hartzen dute herriko iturrietan, bidea hasi besterik egin ez dutela jakitun; hondartza inguruak bizi propioa hartzen du, hango jatetxe, taberna, hotel eta kanpinak itsasoarekin elkar elikatuta. 

Txamarrak armairu hondoan gorde eta galtza motzak aurre-aurrean jartzen ditugun bezala, herria ere prestatzen da uda sasoirako: sorospen zerbitzua eta kabinak hondartzan, txu-txu trena joan-etorrian, eta aire librean gozatzeko musika, antzerkia eta zinema. Arlo pribatuan ere aritu dira prestakizunetan, urteko hilabete bero eta emankorrenei aurre egiteko. Familiarteko enpresa txikiak dira turismoaren bueltako gehienak, ekonomia zirkularraren mesedegarri. Gainera, uda aukera bilakatzen da herriko ekintzaile gazteek euren burutazioak martxan jartzeko. 

Aurtengo aurreikuspenak onak dira, ostatuetako okupazioari dagokionez. 2022an pandemia aurreko datuak berdindu ziren ia. 2023ko lehen lau hilabeteetako datuek, berriz, goranzko joera erakusten dute. Azken hamarkadan ez da aldatu bisitarien jatorriaren profila. Estatuko bisitarien merkatu finkoa du Oriok; gehienak Madril eta Kataluniatik etorritakoak dira. Gertuko turismoarekin bat —Euskal Herriko turista eta txangozaleak—, herriak jasotzen dituen bisitarien oinarria osatzen dute. Azken bi urteetako datuen gorakada, berriz, nazioarteko bidaiariei zor zaie batez ere. Bisitari atzerritarren kopurua ia iritsi da pandemia aurreko zenbakietara. Frantziatik etorritakoak dira gehienak; gainerako atzerritar guztiak bezainbeste ia. 

Nolanahi ere, azken urteetako paradigma aldatu da turismoan: zenbakiek balioa galdu dute. Zenbat ez da horren garrantzitsua, eta bai, ordea, nola. Bisitari bakoitzaren batez besteko egonaldia, gastua edo herrian uzten duen aztarna ekologikoa datu interesgarriagoak dira, turismo politikak zehazteko. Ezinbestekoa baita herritarren eta bisitarien arteko orekari eta elkarbizitzari eustea, eta, horretarako, beharrezko neurri zuzentzaileak hartzea. Adibidez, plan orokorrak oraintxe mugatu ditu etxebizitza turistikoak ezartzeko baldintzak. Turismoko ikerlariek bi bidaiari mota desberdintzen dituzte, motibazioaren arabera. Batzuk beren buruarekiko edo beste kultura batekiko jakin-minak mugiarazten ditu, haien barne hazkunde pertsonalari ekarpen bat egingo dion toki bat ezagutzeko nahiak. Beste bisitari batzuek, ordea, beren egunerokotasunari ihes egitea dute xede, ohiko arau eta betebehar itogarriak ahaztea. Edozein tokitara abiatu daiteke haien gurutze-ontzia, bidaia horrek norberarekiko eta gizartearekiko erantzukizunak arintzen dituen bitartean. Lehen motakoak erakarri eta bigarrenak uxatzea litzateke aproposena guretzat. Horretarako, Oriok baditu ezaugarri bereizgarriak: euskara, itsas ondarea, gastronomia, natura… Horiek dira kolorez aldatzen diren hostoen adarrak eta enborrak.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!