Moilako oinezkoen pasabideko lanak, amaitzear

Onintza Lete Arrieta 2023ko uzt. 21a, 17:00

Ekainean hasi zituen udalak lanak, eta gaur baranda jartzen ari dira langileak.

Itxura berria hartzen ari da Orioko Herriko Plaza pareko moila gunea. Oinezkoentzako pasabidea egon dadin lanetan ari da udala ekainetik, eta gaur baranda jartzen ari dira langileak, Bizkarreneko etxearen paretik hasi eta plazako aurreneko zebrabide parera arte.

Udalak ekainaren 3an abiatu zituen lanak, eta sei astez aritzea aurreikusi zuen orduan. Lanak tarteko, hiru astez itxita egon zen errepidea ibilgailuentzat, baina itxura guztien arabera, laster izango dira lan guztiak amaituta.

Portu eta Itsas Gaietako Zuzendaritzak otsailean jakinarazi zion Orioko Udalari moilan oinezkoentzako pasabidea egiteko kontzesioa ematen ziola. Lanak Uzkue Eraikuntzak SL enpresari adjudikatu zizkion, eta 117.401,71 euroko kostua izango zutela aurreikusi zuen.

Behin pasabidea eginda, udalak bukatutzat joko du Herriko Plaza oinezkoentzat jartzeko proiektua.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!