Espainiako Gorteetarako hauteskundeak 2023

Orion EH Bilduk irabazi ditu bozak

Onintza Lete Arrieta 2023ko uzt. 23a, 22:28

2019an ez bezala, gaurkoan koalizioa izan da alderdi bozkatuena Espainiako Kongresurako hauteskundeetan. Abstentzioa %31,46koa izan da. 2019ko bozekin alderatuta, 300 boto irabazi ditu EH Bilduk, eta beste horrenbeste galdu ditu EAJk.

Zenbatu dituzte Espainiako Gorteetarako hauteskundeetako boto guztiak Orion, eta 2019ko azaroan ez bezala, gaurkoan EH Bilduk lortu du boto gehien, 1.376 (%44,68). EAJ izan da bigarren alderdi bozkatuena 907 botorekin (%29,45). 2019an alderantziz gertatu zen: EAJ izan zen alderdi bozkatuena, eta bigarrena EH Bildu. Gaurkoan, EH Bilduk 300 boto irabazi ditu, EAJk galdu dituen berak, hain zuzen.

Gainerako alderdiei dagokienez, PSE-EEk 415 boto jaso ditu (duela lau urte baino 100 gehiago), eta Sumar alderdiak, berriz, 205 boza irabazi ditu. PPk 1o4 boto eskuratu ditu, eta Voxek, 29. Ikusi hemen emaitza guztiak.

%31,46koa izan da abstentzioa gaur, duela lau urtekoa baino puntu bat altuagoa.

Senatuko emaitzak, bestalde, bihar emango ditu KARKARAk.

2019an %30eko abstentzioa

2019an bi aldiz egin ziren Espainiako Gorteetarako bozak. Apirilaren 28ko hauteskundeen ondoren akordiorik erdietsi ez, eta azaroaren 10ean bigarrenez eman behar izan zuten botoa herritarrek. Orion, apirilean %25,36koa izan zen abstentzioa, eta bost puntu handiagoa, azaroan, %30,59koa.

Bi aldietan, hori bai, alderdi berak eskuratu zuen boto gehien: EAJk. Apirilean 1.353 boto jaso zituen, eta azaroan, 1.248. EH Bildu izan zen bigarren indar bozkatuena, lehenengoan 964 botorekin, eta bigarrenean 1.033 botorekin.

Podemosek 336 boto jaso zituen (apirilean 436), PSE-EEk 302 (apirilean 347), PPk 72 (apirilean ere bai), eta Voxek 26 (apirilean 23). Gainerako botoak alderdi txikiek jaso zituzten. Hemen daude ikusgai 2019ko emaitza guztiak.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!