Espainiako Gorteetarako hauteskundeak 2023

%8,6 jaitsi da hauteskundeetako parte hartzea Orion eguneko bigarren aurrerapenaren arabera

Onintza Lete Arrieta 2023ko uzt. 23a, 19:00
Herritarrak Kultur Etxeko hauteslekuan gaur goizean. (Onintza Lete Arrieta)

4.530 herritar daude botoa ematera deituta Orion, eta horietatik %48,74k eman dute 18:00etarako; 2019an %57,40k emana zuten ordu horretarako. Aian, 1,86 puntu igo da parte hartzea: %35,35ek eman dute boza.

Espainiako Gorteetarako hauteskunde egun da da gaur, eta 09:00etatik zabalik daude hauteslekuak. Espainiako Barne Ministerioak 18:00ak bitarteko parte hartze datuak eman ditu, eta oriotarren parte hartzea 8,66 puntu jaitsi da 2019ko azaroko hauteskundeekin alderatuta: %48,74k eman dute botoa gaur –2.208 herritarrek–, eta %57,40k –2.541 herritarrek– emana zuten ordu horretarako duela lau urteko bozetan.

Barne Ministerioak 14:00etan eman duen lehenengo aurrerapenean ere 2019koa baino baxuagoa zen parte hartzea. 5,34 puntu txikiagoa, zehazki. Azken lau orduetan beste hiru puntu egin ditu behera, beraz.

Guztira 4.530 herritar daude botoa ematera deituta Kongresua eta Senatua berritzeko, eta horiek 20:00 arte izango dute bozkatzeko aukera. Orduan itxiko dituzte hauteslekuak eta jarraian hasiera emango diote boto zenbaketari.

Atari honek ere Orioko eta Aiako emaitzen berri emango du 21:00etatik aurrera.

Aian ere behera

Aian botoa ematera deitutako herritarren artean ere 2019ko hauteskundeetan baino txikiagoa izan da parte hartzea 18:00ak bitartean. Edonola ere, apenas dago alderik, 0,34 puntu soilik egin baitu behera. 1.564 herritar daude bozkatzera deituta, eta 18:00etarako %48,84ek emana zuten botoa –764 herritarrek–. 2019ko azaroko hauteskundeetan, ordu horretarako %49,18koa zen parte hartzea.

Parte hartzeari lotuta era berean, Aiako eguneko lehen datua eman dutenean 2019koa baino handiagoa zen parte hartzea. 1,86 puntu handiagoa, hain justu ere.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!