HERRITARREN DOINUAK

Bost kantu kutunak: Iñaki Iturain

Karkara 2023ko abu. 16a, 10:00
Iñaki Iturain. (Utzitakoa)

Udako oporraldiarekin batera, bueltan da herritarren doinu kutunen atala. Oraingoan Karkara kultur elkarteko kide Iñaki Ituraini bost kantuen inguruan galdetu dio Karkarak.

Ariketa zaila da hau, inondik ere, nire bizitzako bost kantu kuttunenak aukeratzea, alajaina! Beste edozeinek izango lukeen bezala, nik ere zalantzak izan ditut; azkenean, hautaketa honelaxe egitea erabaki dut: bizitzako momentu jakin batean nire baitan zirrara handia eragin didatenak ekarri ditut hona.

1.- Goiko Kaleko Maddalen (Herrikoia)

"Kantu hau, 'Goiko kaleko Joxepaneko Maddalen…', aurreneko aldiz, gure aita zenaren ahotik entzun nuen, gauez, panaderoa zen eta okindegiko labean ogia sartzen ari zen. Aitak esan zidan kanta gure herrikoa dela, Oriokoa. Ez zait sekula ahaztuko.

ETB1 orain dela gutxi telesaio berria hasi da ematen: SOS, Kantak arriskuan! Herriz herri dabiltza, galtzear diren kantuak berreskuratu nahian. Horixe egin behar genuke guk Goiko Kaleko Maddalenen abestiarekin. Non ote zegoen Goiko Kaleko Joxepanea? Nor ote zen Maddalen? Bere xumean eta laburrean, abiapuntu egokia izan liteke istorio bat sortzeko; gauza batzuk literaturaren bidez bakarrik ulertu baitaitezke.

Ez zen izen txarra Goiko Kalen zabalduko duten Emakumeen Etxea izendatzeko ere: Maddalen Enea. Hala segitzen du Maddalenen kantuak: '… atzo goizean iturritikan zetorren, esanaz etxeko lanak zeudela danak eginak, baina usularen uztaiak zeuden zikinak'. Interpretazio bat baino gehiago eman dakieke kantuaren hitzei. Nik gehiegi garbitu beharrari, garbikeriari, iskin egiten dion eta askatasuna maite duen Goiko Kaleko neska gaztearen kantu dotorea ikusten eta entzuten dut Maddalenen abestian". 

 

2.- Oria ibaia (Benito Lertxundi)

"Tolosako futbol klubak eta hango futbol zelaiak ehun urte bete dituzte aurten. San Juan egunean, mendeurrenaren ospakizunen barruan, ilundu eta gero, bertako musikari batzuek kontzertu bat eskaini zuten Oria ibaiaren erdi-erditik, han jarritako ontzi batetik. Juantxo Zeberio musikari tolosarrak Benitoren Oria ibaia kantuko hitz hauek hartu zituen, gau hartan ibaiak, musikak eta argiek Tolosan sortutako edertasunaz hitz egiteko: “Oria ibaia, edertasun guztien leku izan nahi duzunez gero, hala izan zaitezen…”.

Benitoren kantua, gure herrian itsasoratzen den ibaia Europako zikinena zen garaian sortua (70eko urteetan), ederra bakarrik ez, ekologista ere bada: 'Gure bazterrak bustitzen dituzun ibaia, aspaldian ustelkeriz zikindurik zatozena. Zigortzetik utzi zaituen une beretik ikusten dut, oraindik ere bizi nahia, borondatea eta maitasuna, igeri dabiltzala zure handitasunean. Zugan daramakiten pozoiketa ez da nahikoa zure hats bizikorra itotzeko'.

Kantuan ibaiak bere baitan biltzen duen aberastasuna, Orioko gaur egungo musika munduaren oparotasunaren metafora ere bada, nolabait. Horregatik ekarri dut bosteko honetara,  herriko musikari arituenaren eta ezagunenaren bidez, musikari guztiak aupatzeko".

 

3.- Itsasoko olatuen gainean (Oihana Alkorta)

"Orioko barra muturrean, bidea ixten duen arrokari itsatsita plaka metaliko bat dago, Han, Fabian Loidiren bertso batek barran hildako arrantzaleak eta arraunlariak ditu gogoan: “Oriotarren kezka minena da barra…, heriotza dutela zelatari zaharra”.

Oihana Alkorta zenak kantu bat konposatu zuen itsasoan galdutako arrantzale bat gogoan, bere aita, Airean idazten izenekoa. Kantu hunkigarria da, haren bidez, itsasoan galdutako bere aitaren oroimen ariketa egiten du, alabak aitari zion maitasuna eta haren galeraren samina erakusten du. Abestian itsasoa arnasten da.

Oihana bera ere joan egin zitzaigun, gazte, oso gaztea zela, baina harri-bitxi hori utzi zigun betiko: itsasoko olatuen gainean, airean idazten. Oihana gogoan!".

 

4.- Campanades a morts (Lluis Llach)

"Leonard Cohen kanadiarra, Pablo Milanes kubatarra, Simon eta Garfunkel estatubatuarrak, Georges Brassens frantsesa, Laboa, Lete eta Lourdes euskaldunak (Lertxundi bezalako L-dunak), …, eta beste izen batzuk ere erabili ditut buruan, azkenean haien kanturik ekarri gabe gelditzeko. Horregatik zen zaila ariketa hau. Lluis Llach aukeratu dut, haren Campanades a morts: 1976ko martxoaren 3an Gasteizko kalean, polizia espainolak hildako bost langileei Lluisek eskaini zien kantata hunkigarria, eta hilketari eta hiltzaileei egin zien salaketa izugarria. Gutxitan hunkitu nau ni horrenbeste kantu batek, 2001eko otsailean, gertaera lazgarri hartatik 25 urtera, Gasteizen eman zuen kantaldian haina. Artista katalanak, eztarria urratu beharrean, hiltzaileei Assassins de raons, de vides! (arrazoien eta bizien hiltzaileak) oihukatuz eragin zidan zirrara ez zait berehalakoan ahaztuko".

 

5.- Je t´aime, moi non plus (Jane Birkin)

"Urrutira joan gabe, Europan bertan, eta azkenaldi honetan Espainian ere bai, muturreko eskuindar atzerakoienek berriro ere zentsura basatiari ekin diote, lotsagabe, kantuak eta antzerki-lanak debekatuz, sega eta igitaia eskuan hartuta. 

Horixe bera gertatu zitzaion kantu honi: Maitasuna eta sexu-askatasuna modu sentsual-erotikoan eta librean aldarrikatzen duen kantuari trabak jarri zizkioten hainbat lekutan. Abestia eskandalosoa zelakoan, horretan aritu ziren munduko gobernu batzuk, horien artean Vatikanokoa. Baina kantuari ezarritako debeku eta zentsurek askatasunaren ereserki bihurtu zuten Jane Birkinen abestia.

Birkin kantaria hil berria den honetan, gogora etorri zait 1970eko gaztetxook, guk, guatekeak egiten genituela, neskak eta mutilak elkarrengana gerturatzeko, gure arteko harremanetan pausotxo bat emateko, eta askotan jartzen genuela kantu hau orduko tokadiskos haietan, eta balio izan zigula elizak eta orduko gizarte atzerakoiak jarritako debekuak eta trabak gainditu eta pixka bat arrimatzeko, eta amesteko. Oraintxe hil da Jane. Hura gogoan!"

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!