Koxme Burutaran: "2024ko Parisko Olinpiar Jokoetan parte hartu nahi nuke"

Aiora LarraƱaga Solaberrieta 2023ko uzt. 27a, 09:37
Koxme Burutaran. (World Rowling)

Koxme Burutaran arraunlariak 23 urtez azpiko Arraunketa Olinpikoko Munduko Txapelketa jokatu du Bulgarian, eta 11. postuan sailkatu da bakarka, skiffean.

Orio Arraunketa Elkarteko arraunlari Koxme Buruntaran (Donostia, 2001) Bulgarian izan da Arraunketa Olinpikoko Munduko Txapelketa jokatzen. Astelehen arratsaldean iritsi zen etxera, eta txapelketan gauzatutako lanaren balorazioa egin du.  

Bulgarian 11. postuan sailkatu zara, skiffean. Zer balorazio egiten duzu emaitzaz?

Sentipen gazi-gozoa daukat txapelketari lotuta; ezta guztiz ona izan, baina txarra ere ez. Denetarik pixka bat izan duela esango nuke. Estropada onak egin ditut, estropada txukunak ere bai, baina asteburuan oso estropada txarra egin nuen. Beraz, balio izan dit ikasteko, eta berriz ere konturatzeko nazioarteko txapelketetan maila oso handia izaten dela eta akatsik txikiena ere garesti ordaintzen dela. 

Ez da, ordea, mundu mailako zure lehen txapelketa izan, ezta?

Ez, Espainiako selekzioarekin aritu naizen bosgarren munduko txapelketa izan da Bulgariakoa. Normalean skiffean aritu izan naiz, baina biko skullean eta lauko skullean ere parte hartu izan dut. Jubenil mailan hasi nintzen munduko txapelketetan parte hartzen, eta azke hiru urteetan 23 urte azpikoen kategorian aritu naiz; beraz, badut eskarmentua nazioarteko lehiaketetan.

Zer gertatu zitzaizun Bulgariako txapelketan nahi bezala ez aritzeko?

Larunbatean jokatu nuen finalerdiko estropadan huts egin nuen: irteera faltsua eman nuen; berriz hastean kontzentrazioa galdu nuen, eta ez nintzen estropadan sartu.

"Niretzat gozamena da selekzioarekin goi mailan aritzeko aukera izatea"


Txapelketako maila aipatu duzu aurretik. Beste herrialdeetan maila handia al dago?

Bai, badaude oso indartsu aritzen diren herrialde batzuk: Italia, Alemania, Zeelanda Berria edo Australia. Horiek eta beste hainbat goi mailan aritzen dira txapelketa guztietan. Italiako selekzioak, esaterako, bost-sei urrezko domina irabazi ditu, Alemaniakoak hiruzpalau eta Britania Handikoak pare bat. Azken batean, herrialde horietan arraunketa olinpikorako tradizio handia dago, eta arraunlari asko dituzte. Italiako selekzioko kideekin hitz egiten aritu ginen, eta esan ziguten gure kategorian 32 arraunlari aurkeztu zituztela txapelketara. Espainian, aldiz, kategoria horretan 40 arraunlari gara guztira. Herrialde batean kirol batek ospea badu eta kirol hori praktikatzen jende asko aritzen bada, elkarren arteko lehia handia izaten da, eta horrek maila igo egiten du; desberdintasun hori antzeman egiten da nazioarteko txapelketetan. Hemen, berriz, arraunketa olinpikoa oso kirolari gutxik egiten dugu.

Alde handia antzematen al duzu arraun elkarteetako exijentziatik selekziokora?

Bai, handia. Beste mundu bat dela esango nuke. Elkarteetan arraunean egiten dugun arraunlari guziok ez ditugu helburu berak: batzuk arraunaz gozatzera joaten dira entrenamenduetara; beste batzuei gustatzen zaie sortzen den giroa, eta nahikoa dute  lagunartean kirola egitearekin. Nik, aldiz, nahi dut goi mailan egotea eta txapelketak irabaztea, eta nire buruari jartzen diodan exijentzia maila askoz handiagoa izaten da. Elkarte gehienetan entrenatzen dute astean lau-bost egunetan, egunean gehienez bi orduz. Selekzioan, ordea, oso entrenamendu trinkoak izaten dira; egunero bi saio egiten ditugu, goizean eta arratsaldean, hiruzpalau ordukoak. Oso entrenamendu neurtuak eta zehatzak izaten dira, munduko lehian emaitzarik onena emateko helburuarekin diseinatuak. Gozamena da selekzioarekin goi mailan aritzeko aukera izatea.

"OAEk talde tekniko indartsua du, esperientzia handikoa"



Aurrera begira, helbururen bat jarri al diozu zeure buruari?

2024ko Parisko Olinpiar Jokoetan parte hartu nahi nuke, eta horretarako sailkapen probak jokatu. Selekzioko talde teknikoa sailkapen estropada horietara zein ontzi aurkeztuko dituen erabakitzen ari da, eta horren arabera zehaztuko dute zein aurraunlari hautatuko dituzten. Beraz, hemendik aurrerakoa ez dago arraunlarion esku, selekzioko arduradunek ezartzen dituzten helburuek baldintzatuko baitute erabakia.

Zuk lehen denboraldia duzu OAEn. Zer moduz hartu zaitu klubak?

Oso gustura nago Orio Arraunketa Elkartean, eta eskuzabalik hartu naute, gainera. Orain arte beste arraun talde batzuetan ibili izan naiz, baina arraunketa olinpikoan mailaz igotzen joan naizen heinean, prestaketa tekniko zehatzagoa behar nuen. Orioko elkarteak oso talde tekniko indartsua du, esperientzia handikoa, eta horregatik erabaki nuen Oriora joatea.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!