Eragin Torneoa jokatuko dute abuztuaren 11n eta 13an Karela kiroldegian

Aiora Larrañaga Solaberrieta 2023ko abu. 1a, 08:30
Eragin Torneoa aurkeztu zuten uztailaren 28an Orioko udaletxeko areto nagusian. (Aiora Larrañaga Solaberrieta)

Abuztuaren 11n, ostiralean, lagunarteko bi partida jokatuko dituzte. Eta, abuztuaren 13an, igandean, izango da Eragin Torneoko partida nagusia, Donostiako Bera Bera eta Rocasa Gran Canaria taldeen arteko norgehiagoka.

Orio Eragin eskubaloi klubak Eragin Torneoa antolatu du abuzturako Karela kiroldegian, eta hilaren 11n eta 13an jokatuko da. Txapelketa badu dagoeneko ibilbidea egina;  iaz antolatzerik izan ez bazuten ere, aurten berreskuratu egin dute, eta goi mailako taldeak ekarriko dituzte herrira.

Txapelketaren lehen egunean, abuztuaren 11n, lagunarteko partidak jokatuko dituzte, eta hilaren 13an, igandearekin, berriz, torneoko partida. Hain zuzen ere, aurten txapelketako partidan nagusian elkarren aurka arituko dira Donostiako Bera Bera eta Rocasa Gran Canaria taldeak. "Guretzat berezia izango da Kanariar Uharteetako taldea Orion izatea, bertan jokatzen duelako Eragin taldean trebatutako Maria Zaldua jokalari oriotarrak. Bera Bera taldea Orion izatea ere oso garrantzitsua da, Gipuzkoako emakumezkoen eskubaloian erreferentea delako", azaldu du Idoia Larrañaga Orio Eragin klubeko lehendakariak. 12:00etan hasiko da Bera Bera eta Rocasa Gran Canaria taldeen arteko partida.

Bestetik, emakumezkoen Atarrabiako Beti Onak taldea ere gonbidatu du Orio Eraginek herrian lagunarteko partida jokatzera, datorren denboraldian bertan jokatuko duelako Laida Urbitarte eskubaloi jokalari oriotarrak. "Urbitarte Eraginen hasi zen eskubaloian, eta gero Zarauzko eskubaloi taldean jokatzen jarraitu bazuen ere, Orio Eragineko entrenatzailea da. Beraz, polita iruditu zaigu Orio Eragin klubeko bi eskubaloi jokalariren taldeek elkarren aurkako partida jokatzea herrian, eskubaloi eskolan dauden neskentzat eredu direlako". Hala, Beti Onak eta Rocasa Gran Canaria taldeek lagunarteko partida jokatuko dute hilaren 11n, ostiralarekin, 17:45ean hasita.

Gizonezkoen taldeek ere izango dute tokia Orion jokatuko den eskubaloi jardunaldian, eta txapelketatik kanpo bada ere, aurten Asobal Ligan jarduten diren Bidasoa eta Torrelavegak neurtuko dituzte indarrak, lagunarteko partidan. Hitzordua 20:00etan izango da.

Sarrerak salgai izango daude gaurtik aurrera, honako lotura hauetan. Rocasa-Beti Onak taldeen arteko partida; Bidasoa eta Torrelavegaren arteko norgehiagoka eta Eragin Torneoko partida nagusia Bera Bera eta Rocasa Gran Canaria taldeen artekoa.

Eskubaloia indarra hartuz

Orio Eragin kluba ahalegin handia egiten ari da eskubaloia sustatzeko. "Neska askok jokatzen dute eskubaloian herrian eta kiroldegia bete egiten da horien partidak ikusteko. Abuzturako antolatu ditugun partidekin islatzen da kluba azken urtetan egiten ari den lana, eta neskek ikusten dute aukera dutela beren eskubaloi ibilbideari jarraipena emateko. Gure helburua ez da klubeko jokalariak goi mailara iristea, baina gertatu daiteke".

Anuska Esnal alkatearen ustez, "goi mailako ikasketak eta kirola uztartzea erronka" da. "Lehen neskek nerabezarora arte egiten genuen kirola, eta adin batera iritsitakoa bazegoen haustura bat. Orain, berriz, neska askok jarraitzen dute kirolean goi mailako ikasketak egiten ari diren bitartean, eta Orio Eraginek jokalari horiek badira eredu atzetik datozen jokalari gazteentzat, erakusten dutelako badaudela horretarako bideak. Eraginek, esaterako, urratsa garrantzitsua eman zuen pasa den urtean nesken senior taldea sortu zuenean eta klubeko jokalari guztiek dute eskubaloian jokatzen jarraitzeko aukera", azpimarratu du Orioko alkateak. Idoia Larrañagak bat egin du Esnalek esandakoarekin, eta aitortu du datorren denboraldian senior mailara igoko diren kirolari gehienek jarraituko dutela eskubaloian jokatzen. "Pozgarria da senior mailako taldeak jarraipena izatea. Izan ere, guk badakigu herri txiki batean mota guztietako jokalariak daudela eta horietako bakoitzaren garapena oso desberdina izaten da. Guretzat oso garrantzitsua da garapen handiko jokalariek nahi badute goi mailara iristeko aukera izatea, baina balio handia ematen diogu herriko jokalariek herrian jokatzeko aukera izateari ere, hori baita gure helburu nagusia".

Egitaraua
  • Abuztuaren 11n, ostirala, 17:45ean: Rocasa Gran Canaria (Kanaria Handia) eta Replasa Beti-Onak (Atarrabia, Nafarroa) – Emakumezkoak
  • Abuztuaren 11n, ostirala, 20:00etan: Bidasoa (Irun, Gipuzkoa) eta Torrelavega (Torrelavega, Kantabria) – Gizonezkoak
  • Abuztuaren 13an, igandea, 12:00etan: Super Amara Bera Bera (Donostia, Gipuzkoa) eta Rocasa Gran Canaria (Kanaria Handia) – Emakumezkoak

 

 

 

 

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!