Lagunarteko giroan jokatu zuten Ibai Paredesen oroimenezko II. Urpeko Arrantza Lehiaketa

Aiora LarraƱaga Solaberrieta 2023ko uzt. 29a, 13:13
Ibai Paredesen oroimenezko II. Urpeko Arrantza Lehiaketa. (Muskullu Harria elkartea)

16 taldek parte hartu zuten urpeko arrantza lehiaketan. Uztailaren 25ean jokatzekoa zen arrain txikien arrantza lehiaketa, berriz, irailaren 15era atzeratu dute, itsasoaren eta eguraldiaren baldintzek hala behartuta.

Uztailaren 22an egin zuten Ibai Paredesen oroimenezko II. Urpeko Arrantza Lehiaketa Zarauzko Urpekoak eta Orioko Muskullu Harri elkarteek antolatuta. Orio eta Igeldo artean jokatu zen proba, 09:00etatik 13:00etara, eta 16 taldek parte hartu zuten, bakoitzak hiru kirolariz osatuta. Antolatzaileek azaldu dutenez, urpeko arrantzarako baldintzak onak zeuden: "ur gardena eta nabigazioan zein arrantzarako trabarik egiten ez zuen  ipar-ekialdeko haize txikia". Arrantza txukuna egiteaz gain, antolatzaileek esanetan "lagunarteko giro bikaina" izan zen lehiaketan. "Izan ere, lehiaketa honetan garrantzitsua ez da sailkapena, zaletasuna partekatzen dugunon artean egun atsegina pasatzea baizik".

Proba bukatutakoan, mokadutxoa jan aurretik, arrantzatutakoan pisatu zuten antolatzaileek, eta honako taldeak sailkatu ziren lehen postuetan: Kantabriako Lagunak (Andoni Burgoa, Pablo Llata eta Aitor Rojo), Keiki (Alex Sarrias, Asier Rosado eta Iosu Txasko) eta Pescasub (Eric de Bustos, Adrian Ezkerra eta Jon Ander Velasco). Lehiaketan arrantzatutako piezari handiena, berriz, Urpe-Skaphos taldeak arrantzatu zuen (Borja Egiguren, Angel Marti eta Esteve Genis). Lehiaketan arrantzatutako beharra dutenei zuzendutako erakunde batera bideratu zituzten.

Sari banaketan parte hartu zuen Ibai Paredes zenaren familiak eta neska-lagunak. Garaikurrak banatu ondoren, bazkaria egin zuten guztiek elkarrekin Orioko kirol portuan, Muskullu Harria elkarteak antolatuta.

Arrain txikien lehiaketa irailean

Uztailaren 25erako arrain txikien arrantza lehiaketa antolatu zuen Muskullu Harria elkarteak, baina itsaso txarra, haize bolada handiak eta euria zirela-eta, atzeratu egin behar izan zuten. Berez, 18 ontzi zeuden izena emandako, gehienak herrikoak, baina baziren Hondarribikoak eta Pasaiakoak ere. Luis Azkue elkarteko ordezkariak azaldu duenez, hasiera batean irailaren 15ean egitea da asmoa.

Lehiaketa atzeratu bazen ere, aurreikusita zegoen bazkariarekin aurrera jarraitzea erabaki zuten parte hartzaileek, eta 68 lagun elkartu ziren. "Familia giroa izan genuen. Urteroko menua izan genuen: tortillak, piperrak, sardinak, txahal saiheskia, postrea eta kafea. Lurraldeko arrantzale asko biltzen dira lehiaketan honetan, eta herriko ontzietan ontziratzen dira Orioko arrantzaleekin, jaian parte hartzeko. Guretzat juntatzeko aitzakia polita da".

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!