ELKARRIZKETA

"Futbolean gehiegi onartu da jokalariak iraintzea"

Aritz Mutiozabal 2023ko uzt. 29a, 11:30
Zourdine Thior Mendibeltz zelaian. (Arnaitz Rubio Aprea)

Arrazismoaren mamuak milaka aurpegi ditu, eta kirolean maiz azaleratzen da. Goi mailako futbolean gertatzen denean oihartzun handia izaten du, baina azpiko mailetan izaten denean, ia-ia oharkabean igarotzen da. Zourdine Thior (Dakar, Senegal, 1997) oriotarraren aferak, ordea, jokalarienganako irain arrazistak oso presente daudela erakutsi du. Uztaileko Karkara aldizkarian argitaratutako elkarrizketa da honakoa.

Tamalez, elkarrizketa honen motibo nagusia arrazismoa da...

Egia esan, oso tristea da gaur egun oraindik ere futbolean irain arrazistak existitzea. Honek guztiak bukatu egin behar du behingoz. Jende askok sufritu du egoera tamalgarri honekin, eta orain azaleratzen ari dira horren profesionala ez den futbol kategorietan ematen ari diren gertaerak. Nik uste dut gure kategorian, bigarren mailan edo hirugarren mailan, dezente pairatzen direla. Agian, Viniciusen kasuak lagun dezake honekin guztiarekin amaitu dezagun.

Viniciusen kasua ez da lehena, baina bere salaketak nazioarteko oihartzuna izan du. Hala ere, eztabaida dago horren inguruan. Zergatik jartzen da zalantzan agerikoa dena?

Zalantzarik gabe, berdin du iraina arrazista izan ala ez. Ez da batere atsegina zu jokatzen aritzea eta ikusleak "putakumea" deitzea. Azkenean, zuk ez duzu zertan hori jasan, baina zaletu askok uste dute sarrera ordaintzeagatik edo bazkide izate hutsagatik eskubidea dutela jokalariari edozer esateko. Jokalariok gure lana egiten dugu, eta beti saiatzen gara ahalik eta ondoen egiten. Jakina, batzuetan ez zaigu espero bezain ongi ateratzen, bizitzako beste edozein gauzetan bezala... Baina futbolean gehiegi onartu da jokalariak iraintzea, ez bakarrik irain arrazistak, baizik eta edozein motatakoak.

Zuganako irain arrazista bat egin zuen zaletu batek. Baina ez zen kontrako futbol taldeko zaletua izan, baizik eta Logroñesko, zeure taldeko, zaletu bat. Hori ez al da arraroa?

Horrek harritu ninduen gehien! Inoiz ez nuen bizi izan antzeko egoerarik, egia esan. Gauzak behar bezala ateratzen ez direnean, guztia okertzen da. Ez ginen espero genuen denboraldia egiten ari, taldea ez zegoen bere momenturik gozoenean, kosta egiten zitzaigun partidak irabazi eta hiru puntuak lortzea etxean eta etxetik kanpo... Beraz, ulertzen genuen zaletuen ezinegona; beti gurekin ari ziren bidaiatzen. Baina taldea babesteari uzten diozunean eta pertsonei min ematera igarotzen zarenean, erasotzen hasten zarela esango nuke. Are gehiago, partida baten ondoren baldin badatoz irainka, batez ere sare sozialetan. Oso gaizki pasatzen duzu, baina ahalik eta ondoen eramaten saiatzen zara, profesionala izaten saiatzen zara. Nahitaez, ordea, ukitu egiten zaitu, eta horrek zure errendimenduan eragin egiten du.

Irain ugari jasotzen dituzu Instagram eta Twitter bidez, eta guztiei eusten ahalegintzen zara

Ur tanta bat, baina, nahikoa da gainezka egiteko, eta lehertu egin zinen.

Hala da, bai. Irain ugari jasotzen dituzu Instagram eta Twitter bidez, eta guztiei eusten ahalegintzen zara. Baina pertsona orok du bere muga, eta partida baten bukaeran, nire familiako kideekin nengoela, iraintzera etorri zitzaizkidan. Agian, nik une hartan izan nuen erreakzioa ez zen izan egokiena, jokalari profesionala naizelako eta irudi ona eman behar dudalako, baina uste dut akatsetatik ikasten dela. Edonola ere, denok ditugu geure mugak, eta horrenbeste irain jasan eta gero, burua galtzen duzu eta normalean erreakzionatuko ez zenukeen moduan erreakzionatzen duzu. Hala eta guztiz ere, argi utzi nahi dut ez zela izan eraso bat. Eutsi baino ez nion egin, irain egiteari utz ziezaion. Baina sare sozialetan gehiegi hitz egiten da, are gehiago talde batean gauzak oker badoaz. Lau haizetara zabaldu zuten nik zaletu bat erasotu nuela, eta hori ez zen horrela izan, inondik inora ere.

Kluba zurekin harremanetan jarri zen gertakariaz hitz egiteko, ala zuzenean taldetik bakartu zintuzten?

Gertakariaren ondoren klubarekin batzartu nintzen, eta nik barkamena eskatu nien, batik bat nire jarreragatik. Beharbada, ez zen izan erreakzio zuzenena zaletuarengana jotzea, baina nik azaldu nien nire inguruan gertatzen ari zen guztia. Nire mugak ditudala eta ez ditudala zertan jasan gure zaletuen irainak partida baten ostean. Klubeko arduradunek erabaki zuten ni zigortzea eta taldetik bakartzea, azken partidak jokatu gabe utziz. Horraino, uler nezakeen. Nolabait ere, jokalari profesionala izanda, irudi ona eman behar duzulako, eta klubaren irudia zaindu behar duzulako. Baina, aitzitik, haiengandik falta izan zitzaidan jendeari azaltzea benetan zer gertatu zen eta zerk bultzatu ninduen erreakzio hori izatera.

Zourdine Thior Mendibeltz zelaian. (Arnaitz Rubio Aprea)

Logroñesek kaleratu zituen oharretan ez dago zuganako inolako babes irmorik. Alderantziz, zure esanak gezurtatzen ditu, eta aditzera ematen du ez zeukala gertatzen ari zitzaizunaren inguruko berririk.

Komunikatu hori ez dut irakurri, baina zerbait azaldu didate, bai. Ez dut xehetasun gehiagotan sartu nahi izan, ez zelako ni bizitzen ari nintzen gertakari isolatu bat; jokalari guztiok jasaten genituen irainak partidaz partida. Esan bezala, zaletuen haserrea ulertzen duzu gauzak ez direlako ateratzen ari guztioi gustatuko litzaigukeen bezala. Azkenean, goiko postuetan lehiatzeko moduko taldea osatu genuen, baina gauzak ez ziren behar bezala ateratzen, eta giro nahasia antzematen zen zaletuekin. Irainak hor zeuden, eta mundu guztia zen horren jakitun. Koloreko jokalariak ginenok irain arrazistak pairatzen genituen, eta gainerakoek, bestelako irainak. Honekin ez ditut Logroñesko zaletu guztiak zaku berean sartu nahi, baina beti zeuden lauzpabost min emateko prest.

Viniciusen kasuan, Real Madrilek itsu-itsuan babestu zuen eta, horrez gain, hainbat kluben eta nazioarteko jokalariren babesa jaso zuen. Talde txikietan ez da halakorik gertatzen?

Agian, ez da Viniciusena bezalako kasu biralik izan. Niri dagokidanez, nire taldeko jokalarien babes irmoa jaso nuen, nire familiako kideena ere bai, eta batez ere, nire lagunena. Horrekin geratzen naiz.

2024ra arte zeneukan kontratua Logroñes taldearekin, baina akordioa etetea erabaki duzue.

Urte txarra izan da guztiontzat, taldearentzat eta jokalariontzat. Denboraldi hasieran finkatu genuen helburua ez dugu lortu eta, hori horrela, pentsatu genuen indarrean geneukan kontratua etetea zela onena eta datorren denboraldirako talde berri bat bilatzea.

Eskaintza ezberdinak kontuan hartzen ari al zara?

Horretan ari naiz, bai. Oraindik pentsatzen ari naiz datorren denboraldian zer egin... Eskaintza ezberdinak iristen ari dira, baina oraindik itxaron egingo dut pixka bat. Orain egun batzuk behar ditut gertatu den guztiaz deskonektatzeko, eta ondoren aztertuko ditut aukerak nire agentearekin.

Txiki-txikitatik oso gustuko nuen futbola, eta Orioko taldean hasi nintzen jokatzen nire kuadrillarekin

Jokalari gaztea zara, baina esan daiteke ibiltari samarra zarela dagoeneko futbol munduan. Zein izan da zure ibilbidea?

Txiki-txikitatik oso gustuko nuen futbola, eta Orioko taldean hasi nintzen jokatzen nire kuadrillarekin. Hori bai, sekula ez nuen pentsatu honetatik bizi ahal izango nuenik. Nire lagunekin aritzen nintzen, eta kristoren ondo pasatzen genuen entrenamenduetan zein asteburutako partidetan. Handitzen zoazen heinean, konturatzen zara ongi moldatzen zarela; entrenatuz eta landuz gero, agian futbolaz bizi zaitezkeela. Zentzu horretan, Realean bizi izan nuen nire esperientziarik onena: futbolean baino gehiago, arlo pertsonalean pertsona hobea egin naute. Izugarri lagundu zidaten. Realeko kategoria guztiak pasatu nituen, eta goiko taldean aritzetik pauso batera geratu nintzen. Azkenean, jende on asko dago, kalitate handikoa, eta irtetea erabaki nuen, nire ametsa bilatuz. Hala, tokatu zait Coimbrara, Andorrara eta Logroñesera joatea, eta niretzako hazten eta ikasten jarraitzeko esperientziak dira. Ziur etorkizunera begira ongi etorriko zaizkidala.

Eskuko telefonoko argazkian Realean jokatzen zenueneko argazki bat duzu. Ametsa da txuri-urdinen lehen taldearekin jokatu ahal izatea noizbait?

Txikitatik izan dudan ametsa da, ia-ia Oriora iritsi nintzenetik eta Reala jokatzen ikusi nuenetik. Azken finean, ez dakizu ametsak noiz beteko diren. Amesten jarraituko dugu errealitate bihur dadin.

Inoiz ez da senegaldarrik izan Realean?

Ez, ez da izan, nik dakidala.

Herrian komunitate zabala osatzen duzue Senegaldik etorritako herritarrek, eta oso futbolzaleak zarete. Nola bizi dute zure arrakasta?

Oso harro daude nitaz, eta asko pozten dira futbolari esker nire bizitza aurrera atera dezakedalako. Zoriontsu dira nire txikitako ametsa egi bihurtzeko gai izan naizelako, zeren ikusi baitute betidanik izan dudala gustuko. Aitak urteak zeramatzan Orion bizitzen, eta ni haurra nintzela etorri nintzen hona bizitzera. Haur batentzat aldaketa gogorra izan zen: kontinente aldaketa, lagun ezberdinak, hizkuntza... Errealitate berrira egokitzea tokatu zitzaidan. Bizitzan suertatu zitzaidan egoerarik zailena izan zen. Aldaketa basatia izan zen, zalantzarik gabe! Nire amaren ondoan egotera ohituta nengoen, eta goizetik gauera Senegalen utzi nuen, nire anai-arrebekin eta aiton-amonekin batera, bizitza hobe bat izateko esperantzarekin. Ez nuke esango Senegalen gaizki bizi nintzenik, nire gertukoak han nituen, baina hona etorri nintzen, gustatu egin zitzaidan, eta geratu egin nintzen. Gehien harritu ninduena izan zen hau guztiz ezberdina izatea, erabateko aldaketa. Hala ere, egundoko lagunak egiteko sekulako zortea izan nuen; beti egongo natzaie eskertuta kuadrillakoei. Bat gehiago bezala hartu ninduten, eta niretzat errazagoa izan zen guztia, bai jendea ezagutzeko, bai futbolerako. Ez da erraza ezberdina den norbait, kolorekoa den norbait, etxekoa balitz bezala hartzea, eta horrexegatik oriotarra sentitzen naiz.

"Nire ama harro dago futbolaria naizelako, baina oinak lurrean izan ditzadan aholkatzen dit"

Senegal aldetik, zer dio zure amak?

Nire ama harro dago futbolaria naizelako, baina oinak lurrean izan ditzadan aholkatzen dit. Era berean, umila izateko eta gogor lan egiten jarraitzeko esaten dit nire ametsak lortzeko bidean. Bere babes osoa dut, eta benetan pozik nago nitaz harro dagoelako.

Iaz futboleko Munduko Txapelketan lehiatu zen Senegal, eta orain arteko bere emaitzarik onena lortu zuen. Nola bizi izan zenuten torneoa?

Oso gustura, egia esan. Iruditzen zait jokalari oso onak daudela Senegalen, eta, hain justu, zintzilik dudan beste ametsetako bat horixe bera litzateke: nire herrialdeko selekzioarekin jokatu ahal izatea. Ohore bat izango litzateke, nire amak futbolean jokatzen ikusiko nindukeelako.

Nolako da Zourdinen jokoa zelai barruan?

Jokalari bizkorra naiz, eta joko eremuan gozatzea gustuko dut, baina, aldi berean, oso langilea naiz. Bat-batekoan oso iaioa naizela esango nuke. Areara erraz iristeko gaitasuna dut, eta jokaldia ongi amaitzen dakit. Oro har, gisa horretan definituko nuke neure burua.

Eta, eguneroko bizitzan?

Mutil nahiko lasaia naiz. Nire lagunekin eta familiarekin egotea gustatzen zait. Pertsona normala naiz, herriko mutil bat. Hemen bizi eta hazi naiz, eta ezerk ez du aldatuko hori.

Atzera biltzeko aukera izango bazenu, eta zaletuen irain horiek orain jasoko bazenitu, berdin erreakzionatuko zenuke?

Zaila da galdera horri erantzutea, baina aurretik erantzun dudan bezala, akatsetatik ikasten da. Halako zerbait berriro gertatuko balitz, egokiena albo batera egin eta ospa egitea da. Horrelako gertakariak saihesten jakin behar da. Beti egongo da futbol zelaietan iraindu nahi zaituen jendea, beraz, jaramonik ez egitea da onena, eta nirean buru-belarri jarraitzea.

Zer behar da honekin guztiarekin bukatzeko behingoz?

Hitz gakoa hezkuntza da. Balio onak erakusten badizkizute etxean, zuzen hezi baldin bazaituzte, pertsonenganako errespetua izango zenuke. Azkenean, guztiok berdinak gara. Inor ez da bestea baino gehiago, eta ezin duzu jendea iraintzen aritu futbolean jokatzen ari delako. Inori ez zaio okurritzen supermerkatura joan eta kutxazaina iraintzen hastea bere lana egiteagatik. Edukazio kontua da. Norberak etxean ikusi eta entzuten duena egiten du kalean, eta hezkuntza bizitzako gauzarik garrantzitsuena da. Batik bat, jendearekiko errespetua izatea.

 

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!