Bizkaian ariko dira Orioko traineru nagusiak asteburuan

Jabi Gonzalez Toston 2023ko uzt. 28a, 12:00

Orioko arraunlariak garaipena ospatzen (Aitor Arrizabalaga)

Eusko Label eta Euskotren ligetako taldeek Getxon eta Santurtzin izango dituzte estropadak bihar eta etzi. KAE2 mailan, aldiz, ez da estropadarik jokatuko.

Bizkaian jokatuko dituzte asteburu honetako estropadak Eusko Label eta Euskotren ligetan aritzen diren Orioko traineruek. Bihar arratsaldean Getxon arituko dira eta igande eguerdian Santurtzin.

Euskotren ligako estropadekin emango diote hasiera arrauneko lehiari bi egunetan eta ohorezko txandan arituko da Orio, bigarrena baita sailkapen nagusian Arraun Lagunak taldearen atzetik. Hain justu, donostiarren aurretik sailkatzea eta bandera irabaztea izango dute helburu nagusi Orio Arraunketa Elkarteko emakumeek.

Eusko Label ligan, berriz, erdiko txandan arituko da Orio larunbatean, behintzat. Joan den astean lortutako emaitzei esker bosgarren kokatu da sailkapenean eta aurrekoekin aldeak murrizten jarraitu nahi dute asteburu honetan. Horretarako, lehenengo lau ontzien artean sailkatzen ahaleginduko dira bihar ohorezko txanda jokatu ahal izateko igandean.

Gizonezkoen bigarren ontziak, KAE2koak, alegia, ez du ligako estropadarik izango asteburu honetan.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!