Hondartzaren zaintza arduratsuaz kontzientziatzeko kanpaina martxan da Antilla hondartzan

Aiora LarraƱaga Solaberrieta 2023ko abu. 3a, 11:28

Astean zehar haurrentzako tailerrak eskaintzen ari dira hondartza inguruan, eta asteburuan, berriz, gaiaren inguruko antzerkia eta helduei zuzendutako zientzia saioa egingo dute.

Gipuzkoako Foru Aldundiko Jasangarritasun Sailak eta EMAUS Fundazioak Zu zeu zara poesia hondartzan birziklatzen duzunean kanpaina jarri dute martxan, eta astelehenetik Orioko Antilla hondartzan jarri dute informazio-gunea eta lanketa egiten ari dira. Kanpainak hondakinen gaika biltzearen garrantziaz kontzientziatu nahi ditu herritarrak, eta plastikoek ozeanoetan duten eragina ikusarazten du. Izan ere, kanpainaren arduradunek azaldu dute hondakinak bereizteko aukera ematen duten zaborrontziak eskuragarri egon arren, oro har, "hondartzako zaborra edukiontzi beltzean pilatzen" dela, "nahastuta".

Astelehenetik martxan da informazio-gunea, eta atzo, eguraldi onari esker, haur dezente hurbildu zela azaldu dute antolatzaileek. "Harrera ona izaten ari da ekimena, eta atzo gunea irekitzerako haurrak zain genituen. Beraiekin marrazkiak, eskulanak eta jolasak egiten ditugu hondakinak gaika biltzearen garrantziaz jabetu daitezen".

EGITARAUA

- Uztailaren 31tik abuztuaren 3ra, astelehenetik ostiralera, 11:00etatik 14:00etara, haurrentzako tailerrak hondartzan.

- Abuztuak 5, larunbatean, 17:00etatik aurrera, kaleko antzerkia Indigo Produkzioak-en eskutik. Kutsaduraren eta herritarren inplikazio faltaren arteko lotura ikusaraziko dute, mezu itxaropentsua helaraziz.

- Abuztuak 6, igandean, 17:00etatik 20:00etara, Mater Museoak antolatutako Herritarren Zientzia saioa helduei zuzendua. Hondarretan dauden mikroplastikoen analisia egingo dute lehenik, eta itsasoan aurkitutako zaborraren inguruko hausnarketa ondoren, hondakinekin osatutako Zabor eta Bio erraldoien bidez.

Argazkiak: EMAUS Fundazioak eta Aiora Larrañaga Solaberrieta

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!