Teink Trofeoaren partaideek Orion egin dute geldialdia

Aiora LarraƱaga Solaberrieta 2023ko abu. 4a, 10:16

Plazan afaldu zuten Teink Trofeoko kideek, eta ekitalditxoa eta kontzertua ere izan ziren topaketan.

Urteak daramatzate Teink Trofeoko kideek Orion geldialdia egiten, eta aurten ere ez dute hutsik egin. Teink "Iparraldearen eta Hegoaldearen arteko senidetasun" gune gisa ulertzen dute egitasmoa antolatzen duen Ur Ikara elkarteak eta bertan elkartzen dira "kultura, tradizioak eta itsasoa maite duten herritarrak, bizipenak eta esperientziak trukatzeko". Aurtengoa Teink Trofeoaren 30. edizioa egiten ari dira; uztailaren 29an irten ziren Bilbotik eta bihar iritsiko dira Donibne Lohizunera. Hasiera batean asmoa zen 85 itsas miliako ibilbidea egitea Kantauri Itsasoko kostaldean barrena, baina azken egunetako itsaso txarrak bi etapa bertan behera uztera behartu ditu. Hala ere, aurreikusita bezala, atzo parte-hartzaileak Orio egin zuten geldialdia. Plazan afaldu zuten guztiek elkarrekin, eta ekitalditxoa ere egin zuten. Bertan parte hartu zuten Teink Trofeoko antolatzaileek eta Orioko Udaleko ordezkariek, eta elkarren artean oroigarriak elkarbnatu zituzten bi erakundeen arteko harreman eta elkarlana aitortzeko. Hain zuzen ere, Teink Trofeoa antolatzen duen Ur Ikara elkarteak urteotan guztiotan Orioko Udalak emandako babesa aitortu nahi izan zuen oroigarriekin.

Karela kiroldegian ostatu hartu ondoren, gaur Pasaiarako bidea hartu dute Teink Trofeoko kideek, bihar Pasaia eta Donibane Lohizune arteko azken etapa osatzea baitute helburu.

Argazkiak: Arnaud Legue - Teink Trofeoa

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!