Bihar Lekeition ohorezko txandan arraunean egingo du gizonen taldeak, gaur laugarren sailkatuta

Aiora LarraƱaga Solaberrieta 2023ko abu. 5a, 19:58
Orio Orialki gizonen trainerua Getxoko estropadan. (Aitor Arrizabalaga - Eusko Label Liga)

Orio Arraunketa Elkarteko emakumeen eta gizonen taldeak hirugarren eta laugarren postuan sailkatu dira gaurko jardunaldian, hurrenez hurren.

Gaur arratsaldean Hondarribian jokatu dituzte Euskotren eta Eusko Label ligetako estropadak, eta Orio Arraunketa Elkarteko emakumeen eta gizonen taldeak hirugarren eta laugarren postuan sailkatu dira gaurko jardunaldian, hurrenez hurren.

Orio Orialki emakumeen taldea Arraun Lagunaken eta Donostiarrren atzetik sailkatu da. Hasieratik, Donostiako bi taldeak estropadaren buruan jarri dira, eta oriotarrek lortu dute gertu eustea, baina bueltako luzean ihes egin dute eta, azkenean, Arraun Lagunak taldearengandik zortzi segundora helmugaratu dira oriotarrak, hirugarren postuan.

 

Emakumezkoen estropadatik gizonezkoenera haizeak, olatuek eta korronteak gora egin dute, eta txandak pasa ahala baldintzak okertu egin dira, gainera. Hala ere, Orio Orialkik ezustekoa eman du bere txanda nagusitasun osoz irabaziz, eta liderra den Urdaibairengandik segundo gutxira geratu da taldea. 23 segundo atera dizkio Oriok bere txandan bigarren izan den Getariari, eta ohorezko txandako taldeen denboretan ibili da. Hain zuzen ere, estropadan zehar Urdaibaiko patroi Gorka Aranbarrik Orioren denbora izan du uneoro erreferentzitzat; azkenean oriotarrak laugarren sailkatu badira ere, aurreko estropadetatik aurrera pausu nabarmena eman dutela azpimarratu dute adituek. Ander Etxegoien oriotarren patroiak estropada bukatutakoan ETBri azaldu dionez, "estropada ona" egin dute. "Hasieratik arraunketa hartu dugu, eta gure lana egitea lortu dugu".

 

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!