Maria Zaldua: "Etxean jokatzeak sortzen didan sentipena ezin da deskribatu"

Andrea Zipitria 2023ko abu. 13a, 10:30

Maria Zaldua partidetako batean.

21 urterekin Iberdrola Ligan ari da jokatzen Maria Zaldua (Orio, 2002) eskubaloi jokalaria. Rocasa Gran Canarian, hain justu ere. Gaur, 12:00etan, Eragin Torneoko partida nagusian izango da Kanaria uharteko taldearekin.

Eragin Torneoko partida nagusia izango da gaur, Karelan. Donostiako Bera Bera eta Rocasa Gran Canaria taldeen arteko norgehiagoka jokatuko da, 12:00etatik aurrera. Bada, berezia izango da partida Maria Zaldua (Orio, 2002) oriotar eskubaloi jokalariarentzat. Izan ere, Gran Canaria taldearekin jokatuko du bere jaioterrian.

Gaur zure etxean jokatuko duzu partida. Zer suposatzen du horrek zuretzat?

Bera Bera taldearen aurka jokatzeak ilusio handia egiten dit beti. Horrek esan nahi baitu etxera bueltan natorrela edo nire familia gertu izango dudala. Kasu honetan gainera, Orion jokatuko dugu; nire benetako etxean. Bertan hasi nintzen eskubaloian jokatzen, eta sentimendu hori deskribatzeko ez dago hitzik.

Pertsonalki nolako partida izatea gustatuko litzaizuke?

Partida dinamikoa eta markagailu parekatukoa izatea gustatuko litzaidake. Hala, publikoarentzat ere erakargarria litzateke norgehiagoka. Errealistak izanda, ordea, ondo jakin badakigu Bera Bera taldeak duen indarra. Orduan, gure lana egitera aterako gara kantxara, eta ikusiko da zer gertatzen den.

Kanaria uharteak ondo ezagutzen dituzu jada. Gran Canarian zaude orain. Zer moduz ari zara moldatzen?

Oso ondo ari naiz moldatzen. Etxetik kanpo jokatzen ari naizen laugarren urtea izango da oraingoa; bigarren urtea, Gran Canarian. Bertan entrenatzeko aukera edukitzea okasio polita da benetan. Klima ikaragarria dute, urtean zehar egunero eguraldi ona egiten du eta horrek asko laguntzen du.

Aurten zer  gustatuko litzaizuke lortzea?

Talde berria daukagu aurten. Adinaren bataz bestekoa asko jaitsi da. Horrek bere puntu positiboa du. Nire helburua da liga ahalik eta gorenean bukatzea. Erreginaren Kopa jokatzea ere gustatuko litzaidake, Donostian izango baita aurten, eta etxean egongo nintzateke.

Oriora itzultzeko asmorik ba al duzu?

Orio beti izango da nire etxea. Ondo dakit beso zabalik hartuko nautela. Oraingoz, ordea, ez naiz itzuliko; nire nahietako bat Espainiatik kanpo jokatzea da.