Zaleekin ospatu du gizonen bigarren taldeak KAE1 ligara igoera

Aiora LarraƱaga Solaberrieta 2023ko abu. 21a, 10:36

KAE 2 ligan hamar jardunaldi jokatu dituzte eta horietatik bederatzi irabazi ditu Orio Arraunketa Elkarteko gizonen harrobiko taldeak. Sailkapen orokorrean lehen postuan kokatuta, KAE 1 ligara zuzenean igotzeko txartela lortu dute arraunlari gazteek.

Orio Arraunketa Elkarteko gizonezkoen bigarren taldeak Bilbon jokatu zuen atzo KAE2 ligako erlojuaren aurkako estropada, eta beste behin nagusitasuna erakutsi zuten uretan, Bilboko bandera irabazita. Ligan hamar estropada jokatu dituzte eta horietatik bederatzi bandera irabazi ditu Orioko arraun elkarteko arraunlari gazteen taldeak; baita KAE2 ligako txapeldunaren bandera ere. Gainera, sailkapen orokorrean lehen postuan sailkatuta, lortu du KAE 1 ligara zuzenean igotzeko txartela, eta berriz ere KAE1 mailan arituko da datorren denboraldian. Hala, asteburuko garaipena eta KAE1 ligara igoera ospatu zituzten atzo arratsaldean zaleekin udaletxeko balkoitik, eta udan zehar irabazitako bandera guztiak atera zituzten zaleei eskaintzeko.

Datorren asteburuan bi estropada jokatuko ditu arraunlari gazteen taldeak eta Colindres (Kantabria, Espainia) eta Erandioko banderak izango dituzte arraun taldeek jokoan; jardunaldi horietan KAE1 ligako play offak ere jokatuko dituzte, baina aurretik esan bezala, Orioko taldeak banderen lehian soilik parte hartuko du, zuzenean lortu duelako KAE1 ligan aritzeko txartela. 

Argazkiak: Joxemari eta Joxe Julian Olasagasti eta Orio Arraunketa Elkartea

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!