'Turistreando’ kale antzerkia eskainiko dute ostiralean Antilla hondartzan

Aiora Larrañaga Solaberrieta 2023ko abu. 22a, 12:42
'Turistreando' antzezlana. (Trapu Zaharra antzerki konpainiak)

Antzezlanak umorea izango du ardatz eta aktoreen eta ikus-entzuleen artean konplizitatea sortuko da emanaldian zehar. 20:00etan emango diote hasiera saioari.

Trapu Zaharra antzerki konpainiak Turistreando antzezlana eskainiko du ostiral arratsaldean, 20:00etan hasita, Antilla hondartzan. Ruben Ontiverosek idatzi du antzezlanaren gidoia, eta Santi Ugalde eta Mila Espiga dira aktore nagusiak, Isidoro Fernandezen gidaritzapean. Antzezlanak udan puri-purian dagoen gaia jorratuko du umorea baliatuz, turismoa. Izan ere, bidaia agentzia batek stand bat jarriko du kalean, nahieran antolatu daitezkeen bidaia birtualak saltzeko. "Itsasontzian egindako bidaiarekin oso pozik dagoen emakume bat aukeratuko dute bidaia birtualak nola antolatzen diren zuzenean erakusteko. Bidaia horretan, bere fantasia guztiei bide emango die".

Orioko Udaletik jakinarazi dute, hasiera batean, eguraldiak laguntzen badu, Antilla hondartzan izango dela ordubeteko emanaldia, baina eguraldi kaskarra egingo balu Herriko Plazara leku aldatuko dute. Hala, ostiralean bertan jakinaraziko du udalak behin betiko kokalekua.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!