"Nahiko genuke freskora gehiago joan, baina merkatuak agintzen du"

Jokin Sagarzazu - Berria 2023ko abu. 29a, 12:00

Leandro Azkue, Eusko Jaurlaritzako Arrantza zuzendaria. (Karkara)

Belaunaldi berriak sektorera nola erakarri, hori da Bizkaiko eta Gipuzkoako baxurako arrantzak duen erronka nagusietako bat; bestea, arrantzatutakoa hobeto saltzeko bideak bilatzea. Leandro Azkue Eusko Jaurlaritzako Arrantza zuzendariaren arabera, flota txikia da, baina errentagarritasun handikoa. Berria egunkarian egin diote elkarrizketa.

Amaitzear dago hegaluzearen kanpaina eta, horrekin batera, aurtengo arrantzaldia. Udazkenean, Bizkaiko eta Gipuzkoako baxurako ontziek udaberrian arrantzatu gabe utzi zuten antxoaren kuota izango dute. Arrantzaleentzat ez da atsegina izaten hitz batekin urtea nola joan den azaltzea. «Oro har, ona» izan dela dio Leandro Azkue Eusko Jaurlaritzako Arrantza zuzendariak (Orio, Gipuzkoa, 1968).

Hegaluzearen kanpaina nola joan da?

Kuotaren %80 arrantzatuta dago, eta espero da irailaren erdialdera amaitzea. Harrapaketa kopurua aurreko urteen antzekoa izan da. Arraina gertu sartu da, portutik bospasei ordura. Hori ona da, gasolio kontsumoa txikitu delako eta arrantzatutakoa gure lonjetan merkaturatu delako.

Gipuzkoako kofradien arabera, azken zazpi urteetako merkeen saldu da.

Bai, iaz baino %25 gutxiago ordaindu da. Arrazoiak? Kontserba enpresen produkzio kostuak izugarri handitu dira: olioarena, argindarrarena, edukiontzi metalikoena... Produktu horien kontsumoa asko jaitsi da, prezioen igoeragatik, eta errentagarritasuna apaldu da. Kontserba enpresek ez dute arriskatu nahi, eta enkanteetan ohi baino gutxiago ordaindu dute.

Arrantzaleak mantsoago aritu dira abuztuan. Prezioa igotzeko?

Bai, baina berehala itzuli da batezbestekora. Arrantza egun batzuetan gelditu bada ere, arraina hain hurbil dagoenez, porturatzeak maizago egiten dira. Lehen, marea batek hamar-hamabost egun irauten zuen; orain, ia egunero izaten dira lehorreratzeak. Arrandegiek badakite hori, eta horrek ere egonkortu egiten du prezioa.

Azken urteetan ohikoak dira ontzi pelagikoak euskal kostaldean. Eraginik ba al du horrek?

Eragina gehiago da mediatikoa eta bisuala. Irlandarren eta frantsesen arrantza pelagikoa lehen ere iristen zen Euskadiko eta beste erkidegoetako kontserba enpresetara.

Baina ez zuten hemengo portuetan deskargatzen.

Ez, kamioietan iristen zen. Egia da azkenengo lauzpabost urteetan bereziki irlandarrak ari direla gure portuetan deskargatzen.

Hemengo arrantzaleek diote merkeago saldu dutela horregatik.

Bai, arrantza mota horrek prezioari beheraka tira egiten dio. Baina, zeharka bada ere, lehen ere bagenuen arazo hori.

Eusko Jaurlaritzak eta Espainiako Gobernuak teknika hori debekatzen badute, nola da posible hemengo lonjetan saltzea?

Gauza bat da arrantza moten erregulazioa eta beste bat merkatua. Lehenengoa Espainiak arautu dezake, baina bigarrena Bruselaren esku dago. Gaur egun barkuek libre dute Europan nahi duten portuan saltzeko.

Elkarrizketa osorik irakur daiteke Berria.eus atarian

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!