Faboritoen artean abiatzen lehenengoa izango da Orio gaurko Kontxako sailkatze proban

Jabi Gonzalez Toston 2023ko abu. 31a, 12:45

Oriotarrak iazko Kontxako sailkapen proban. (UKT)

Erlojupekoari ekingo dion hamalaugarren trainerua izango da eta atzetik abiatuko dira Eusko Label ligako ia traineru guztiak.

Kontxako banderarako sailkatzeko atzoko emakumezkoen probaren ondotik, gizonezkoen txanda izango da gaur eta eskualdeko lau traineru izango dira zazpi txarteletako bat eskuratzeko lehiatuko direnak: Getaria, Orio, Zarautz eta Zumaia. Denboraldiko emaitzak aintzat hartuta, lehenengo biek izango dituzte aukera helburua lortzeko eta iazkoa errepikatzeko; izan ere, Eusko Label ligako sailkapenean lehenengo seien artean sailkatuta daude.

Atzo bezalaxe, gaurko proba ere 18:00etan hasiko da eta dagoeneko zehaztu dute traineruen irteera ordua. B multzo egingo du arraun Oriok, baina ez dute aurkari zuzenen erreferentzia egokiena izango aurretik abiatuko direlako. B multzoan lehiari ekiten bigarrena izango da Orio, hamalaugarrena orotara, eta atzetik abiatuko dira Zierbena eta Urdaibai, Eusko Label ligako oilarretako bi.

Kontrara, Getariak guztien erreferentziak izango ditu; zeren, erlojupekoa itxiko duen ontzia izango da. Esperantzaren aurretik abiatuko da sailkapena lortzeko eta bandera irabazteko beste faboritoetako bat: Hondarribi.

Hona hemen gizonezkoen Kontxako sailkatze probako traineruen hurrenkera:

  1. Zarautz
  2. Zumaia
  3. Lapurdi
  4. Tiran
  5. San Juan 
  6. Bueu
  7. Arkote
  8. San Pedro
  9. Elantxobe
  10. Mutriku
  11. Deusto
  12. Hibaika
    –2 minutuko tartea–
  13. Santurtzi 
  14. Orio 
  15. Zierbena
  16. Urdaibai
  17. Ares
  18. Lekittarra 
  19. Kaiku
  20. Sanmertolameu 
  21. Ondarru
  22. Cabo
  23. Hondarribi 
  24. Getaria

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!