Hirugarren denbora onena eginda lortu du Kontxako sailkapena Oriok

Jabi Gonzalez Toston 2023ko abu. 31a, 19:30

Orioko arraunlariak Kontxako sailkatze estropadaren aurretik. (Orio AE)

Zierbena izan da azkarrena eta hamabost segundoan hobetu du Jon Salsamendik zuzendutako mutilen denbora. Igandean, lehenengo txandan arituko da Orio Donostiarrarekin, Hondarribiarekin eta Zierbenarkin.

Esperotakoa bete da Kontxako bandera lehiatzeko sailkatze proban eta zazpi txarteletako bat lortu du Oriok. Jon Salsamendiren mutilek hirugarren denbora onena egin dute.

Gaurkoan atzo baino baldintza hobeak izan dituzte traineruek arraunerako, baina azkarrena izan den Zierbenak alde handiak atera dizkie aurkariei, hala eta guztiz ere: Hamabosna segundo bigarren eta hirugarren izan diren Hondarribi eta Oriori eta hogei gaurkoan laugarrena izan den bandera irabazteko faborito nagusiari, Urdaibari –Eusko Label ligako liderra eta azken edizioko garailea–. Bosgarrena Cabo izan da Zierbenarengandik 31 segundora, seigarrena Getaria 33ra eta Ondarroak eman du ez ustekoa azken txartela lortuta. Zierbenak baino 36 segundoko behar izan dituzte bizkaitarrek lanak amaitzeko zortzigarrena izan den Lekittarrak baino bi gutxiago baino ez.

Oriotarrek egin duten estropadari erreparatuta, lan bikaina egin dute, hirugarren denbora onena lortzeaz harago apenas izan dutelako faboritoen erreferentziarik; izan ere, atzetik abiatu dira guztiak. Horren jakitun dena eman dute hasieratik eta Urdaibai ahalguztiduna baino azkarragoak izatea lortu dute.

Estropada amaitu eta minutu gutxira egin dute igandeko lehenengo jardunaldiko txanden zozketa eta lehenengo txandan arituko da Orio Eusko Label ligako indartsuenetakoak diren Donostiarrarekin, Hondarribiarekin eta Zierbenarekin batera. Bigarren txanda, bestalde, Cabok, Getariak, Ondarroak eta Urdaibaik osatuko dute. Kaleen zozketa igandean bertan egingo dute 09:00etan.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!