Bost segundo gainditu beharko ditu Oriok Kontxako Bandera irabazteko

Aritz Mutiozabal 2023ko ira. 3a, 12:10

Orio arraunean egin ondoren. (Jabi Gonzalez Toston)

Tolosalde, Donostiarra eta Arraun Lagunak izango ditu aurkari datorren igandean Ohorezko Txandan. Gaurkoan lan serioa egin du, aurkari zuzenik gabe, lehen txandan.

Orio nagusi izan da lehen txandan, eta aise irabazi du bere estropada. Egin beharreko lanak ongi egin dituzte, eta datorren igandean Ohorezko Txandan izango da. Baina beharbada multzo apalena tokatu zaio eta hori bistakoa izan da bigarren txandan. Izan ere, hasiera-hasieratik erreferentzia onenak egiten hasi dira Donostiarrak, eta orpoz orpo jarraitu dute Arraun Lagunak eta Tolosaldea traineruek. Ziabogara Orio baino segundo batzuk azkarrago iritsi dira, eta hortik aurrera lehia bizia bezain ikusgarria eskaini dutek hirurek, non Tolosaldeak eman duen kolpea, estropada justugatik irabaziz.

Hala, Kontxako Banderako bigarren igandeko Ohorezko Txandan Tolosaldea, Donostiarra, Arraun Lagunak eta Orio ariko dira. Guztiak ere lauzpabost segundo eskasen bueltan amaitu dute, beraz, lehia irekia geratzen da oraindik ere. Elkarren arteko aldeak oso txikiak izanda, datorren astean hutsetik hasiko dela lehia adierazi dute talde guztiek.

Zumaiarentzat sari handia izan da Donostiako Estropadetara sailkatzea eta gaurkoan txukun lehiatu den arren, ezinezkoa izan du goiko postuetan aritzen diren traineruen pare aritzea. Hala ere, play-off kanporaketan aurkari izango dituen ontziekin indarrak neurtzeko parada izan dute: Hibaika aurretik helmugaratu da eta 7 segundo atera dizkio, baina Kaiku atzea utzi du, 11 segundora. Datorren astean, kontsolazio txanda ariko dira hirurak Hondarribiarekin batera.

Sailkapena

1. Tolosaldea  10:37.64
2. Donostiarra  10:37.82
3. Arraun Lagunak  10.39.80
4. Orio  10:42.30
5. Hibaika  10:57.22
6. Hondarribia  10:59.32
7. Zumaia  11:04.86
8. Kaiku  11:15.56

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!