Gizonezkoek ere bost segundora dute Kontxako Bandera

Jabi Gonzalez Toston 2023ko ira. 3a, 13:30

Orioko arraunlariak estropada amaitu ondoren, Donostiako kaira bertaratu diren zaleen harrera beroa jasotzen. (Jabi Gonzalez Toston)

Urdaibai izan da azkarrena eta laugarren sailkatu da Orio. Hori horrela, ohorezko txandan arituko da datorren igandean. Bost ontzi daude zazpi segundoko tartean banderaren lehiarako.

Onenen parean aritu da gaur Orio Arraunketa Elkartea gizonezkoen Kontxako Banderako lehenengo jardunaldian. Laugarren denbora onena egin du azkarrena izan den Urdaibairengandik bost segundo eskasera.

Oriotarrak hasieratik atera dira dena ematera eta lehia estua izan du lehenengo txandan aurkari izan dituzten Donostiarra, Hondarribia eta Zierbenarekin, Eusko Label ligako lau oilarretako hiru. Sei segundoko tartean sartu dira lau ontziak. Hondarribia, lehenengo eta Donostiarra eta Orio ondoren pare-parean.

Nolanahi ere, bigarren txandan aritu den Urdaibai izan da gaurko denbora onena markatu duena, esan bezala. Segundo batean hobetu du Hondarribiak jarritako marka poparean sekulako estropada egin ondoren; izan ere, hamabi segundoko aldea atera dio Ama Guadalupekoak Bou Bizkaiari lehenengo luzean. Orio izan da, hain justu, bigarren ontzirik azkarrena ziabogan. 

Hori horrela, 33. Kontxako Banderaren lehian bete-betean izango da Orio datorren igandeko bigarren jardunaldi. Hori bai, lau aurkari gogor izango ditu aurrean, bost baitira bandera irabazteko aukera garbiak dituztenak; izan ere, joan den osteguneko sailkapen proban onena izan Zierbena ere ezin da baztertu, nahiz eta, gaur bosgarrena izan den. Bermekoengandik zazpi segundora besterik ez dago. 

Sailkapena

1. Bermeo Urdaibai 19:20.92
2. Hondarribia 19:22.17
3. Donostiarra 19:25.11
4. Orio Orialki 19:25.89
5. Zierbena 19:28.67
6. Cabo-Rianxeira-Boiro 19:48.60
7. Getaria 19:49.12
8. Ondarroa 20:01.04

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!