Amaia Arregi: "Hutsetik abiatu eta gure bertsiorik onena erakustera abiatuko gara hurrengo igandean"

Aritz Mutiozabal 2023ko ira. 3a, 17:25

Amaia Arregi arraunlaria. (Jabi Gonzalez Toston)

Lehen txandan aritu dira Orioko emakumeak, aurkari zuzenik gabe, eta estropada txukuna jokatu badute ere, beraiek markatu behar izan dutela denbora une osoan azaldu du arraunlariak.

Orioko emakumeak lehen txandan egin dute arraunean, inolako erreferentziarik gabe, baina nagusitasunez eta aurkariei tartea nabarmen zabalduz irabazi dute. Amaia Arregi arraunlariak adierazi du gustura geratu dira egindako lanarekin, "nahiz eta gure aurkari zuzenenak bigarren txanda zihozen eta guk geuk markatu behar izan dugun erritmoa eta hobetu beharreko denbora". Bigarren kalean egokitu zaie arraun egitea, eta gustura aritu direla esan du, "nahikoa tarte baikeneukan ongi lerrokatzeko". Zentzu horretan, eta beraien aldetik, estropada polita egin dutela dio Arregik.

Tolosaldeak irabazi du Kontxako lehen jarduinaldian, baina Orioko arraunlariarentzat ez da izan horrenbesteko ezustea: "Estropada bat baino gehiagotan gerra eman dute, garaipenerako borrokan aritu direnak, eta denbora kontua zen noiz iritsiko zen beraien momentua. Gaur izan da, eta beraz, zorionak tolosarrei".

Datorren igandera begira, Oriok Kontxako Bandera irabazteko aukerak badituela uste du Arregik: "Dena irekita dago, bai besteentzat bai guretzat. Hutsetik abiatu eta gure bertsiorik onena erakustera abiatuko gara". Gaurkoaren aldean, Ohorezko Txandan bestelako lehia izango dela aurreikusten du, izan ere, "denok paretsu ibiliko gara eta burua hotz mantendu beharko dugu".

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!