Harrera "oso ona" izan du 'EH Petrel!' liburuaren irakurraldi musikatuak

Aiora LarraƱaga Solaberrieta 2023ko ira. 4a, 10:08

Ehun lagunetik gora bildu ziren ekitaldian, eta bertaratu zirenek adi-adi jarraitu zuten saioa. "Julio Villar oso istorio kontalari ona da eta bere hitzek harrapatu egin zuten publikoa", nabarmendu dute antolatzaileek.

Ostiralean, EH Petrel: Munduari buelta belaontzi txiki batean liburuaren kontakizuna eta irakurraldi musikatua izan zen elizako zimitorioan. Julio Villarrek munduan barrena egindako bidaien irudiak, liburuaren irakurraldia eta musika uztartu zituen saioak, eta liburuko pasarteak ikusteko eta entzuteko aukera izan zuten bertaratu zirenek.

Ekitaldiaren hasieran egindako sarreraren ondoren, Julio Villarrek eta Ibon Gaztañazpik hartu zuten hitza; lehenengoak liburuan kontatzen duen mundu biraren nondik norakoak azaldu zituen, eta Gaztañazpik liburua itzultzearen esperientziaz hitz egin zuen. Ondoren, irakurraldi musikatua izan zen, eta Hereje Fighters taldeko kide Iñaki Etxeberria, Fermin Lazkano, Eñaut Agirre eta Manex Barrenetxea arduratu ziren saioari soinu banda jartzeaz; hainbat herritar atera ziren jendaurrera liburuaren pasarteak irakurtzera: Anuska Esnal alkatea, Eider Arruti Mutiozabal Txo proiektuko arduraduna, Ibon Gaztañazpi eta Julio Villar bera.

Antolatzaileak "oso gustura" daude ekitaldiak izan zuen harrerarekin. "Ehun lagunetik gora bildu ziren, eta ekitaldiak iraun zuen bitartean, ia bi orduz, ez zen inor tokitik mugitu ere egin eta adi-adi jarraitu zuten saioa. Julio Villar oso istorio kontalari ona da eta bere hitzek harrapatu egin zuten publikoa". Irakurraldi musikatuaren ondoren, herritarrek galderak egiteko aukera izan zuten, eta parte-hartze polita egon zela nabarmendu dute antolatzaileek.

Argazkiak: Iñigo Gaiton

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!