Gizonezkoak ere esku hutsik itzuli dira Donostiatik

Intza Trula 2023ko ira. 10a, 13:05

Orioko zaleak Donostian. (Onintza Lete Arrieta)

Gizonezkoen trainerua ohorezko txandan lehiatu da pasa den astean egindako lanaren ondoren, Urdaibai, Donostiarra eta Hondarribiarekin batera. Lehenengo txandan lehiatu den Zierbena eta Urdaibairen artean egon da bandera lortzeko lehia bizia, azkenean, bermeotarrentzat izan da garaipena.

Orioko arraunlariak esku hutsik itzuli dira Kontxatik. Kontxako Banderako lehenengo jardunaldian egindako lan bikainaren ondoren ohorezko txandan lehiatu da Orio, Urdaibai, Hondarribia eta Donostiarrarekin batera. Sorpresa izan da gizonezkoetan; izan ere, Ondarroak epez kanpo aurkeztu du taldea, eta estropada jokatu badu ere, bere denborak ez du balio izan.

Urdaibai estropadaren hasieratik jarri da lehenengo postuan, eta pasa den asteko denbora tartea bikain baliatu du gaurkoan Kontxako Bandera eskuratzeko. Ziabogan beraiek izan dira lehenak; atzetik igaro dira Hondarribia, Orio eta Donostiarra.

Bigarren luzean Urdaibaik lehenengo postuari eutsi dio eta, lehenengo txandan lehiatu duen Zierbenarekin lehia izan du denborarik onena eskuratzeko. Azkenean, esan bezala, aurreko astean lortu zuten denborari esker bermeora joan da aurtengo Kontxako Bandera.

Urdaibairen ondoren helmugaratu da Hondarribia; hirugarren, Donostiarra, eta, azkenik, Orio. Hori horrela izanik, sailkapen nagusian bostgarren postuan amaitu du Oriok.

Sailkapen nagusia:

  1. Urdaibai: 38:30.66
  2. Zierbena: 38:42.29
  3. Hondarribia: 39:00.61
  4. Donostiarra: 39:05.53
  5. Orio: 39:08.29
  6. Cabo: 38:33.66
  7. Getaria: 39:46.02

 

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!