Egindako lanarekin gustura eta afizioaz harro agertu dira Orioko arraunlariak

Onintza Lete Arrieta-Intza Trula 2023ko ira. 11a, 11:43

Orioko zaleak Kontxan. (Onintza Lete Arrieta)

Positiboki baloratu zuten Ane Arruti eta Jon Lizarralde arraunlariek Kontxako Banderan euren traineruek egindako lana; hala eta guztiz ere, igandeko onena Donostian bildu zen marea horia izan zela iritzi zioten bi arraunlariek, zalantzarik gabe. Ohorezko txandan lehiatu ziren herriko bi traineruak, pasa den astean lortutako denborari esker.

Hitzordu garrantzitsua izan zuten atzo Orioko bi traineruek Donostian: Kontxako Bandera. Eguraldi bikainarekin eta ia haizerik gabe jokatu zituzten estropadak, eta bandera etxera ekartzea lortu ez bazuten ere, lan bikaina eginda itzuli ziren arraunlariak herrira. Ohorezko txandan lehiatu ziren bata zein bestea eta, emakumezkoen traineruak hirugarren amaitu zuen sailkapen nagusian; gizonezkoak, berriz, bostagrren. 

Emaitzarekin gustora daudela azaldu zuen Ane Arruti arraunlariak, gustuko kalea egokitu zitzaien eta "ilusio eta motibazio askorekin" uretaratu ziren: "Aurreko astean ateratako lau segundoko alde horrekin gai ikusten ginen garaipena lortzeko". Oriotarrek hasiera ona izan zuten estropadan, baina banderaren irabazle izan zen Arraun Lagunak berehala hasi zen aurrea hartzen eta gainontzeko taldeekiko aldea handitzen: "Arraun Lagunak hasieratik gehiago izan zen, oso estropada ona egin zuten eta ezin izan genuen ezer egin". 

Era berean, Jon Lizarralde, Altxerri Orioko arraunlariak ere, egindako lanarekin konforme daudela azaldu zuen: "Balorazio nahiko ona egiten dugu, dena eman dugu, eta dena eman duen bati ezin zaio ezer aurpegiratu". Udak izan duen zailtasuna eta gero, "maila nahiko duina" erakutsi dutela iritzi zion Lizarraldek, eta bermeotarrak zoriondu nahi izan zituen "gidoitik atera direlako". 

Kontxako Banderaren emaitzak, ordea, ez ziren atzoko gauzarik garrantzitsuenak izan, herriko arraunlariek jaso zituzten animoak ikusita. Estropada aurretik arranpla kolore horiz bete zuten Orioko zaleek; txaranga ere bertan izan zen taldeak animatzeko eta Mirotzak abestia jotzeko tartea ere izan zuten. "Afizioarekin zoratzen gaude, oso egun polita eta gozatzekoa izan da", azaldu zuen Arrutik. Afizioari dagokionean Arrutirekin bat agertu zen Lizarralde, eta bi asteburuetan jasotako harrera eta animoen ondoren "harrotasun osoz Kontxa horia" dela eta beraien zaleek "parekorik ez" dutela azpimarratu zuen Orioko arraunlariak. Jasotako berotasun guztia banderarekin eskertzea zen Orioko arraunlarien nahia, eta helburua guztiz bete gabe itzuli badira ere, datorren urtean berriz ere bandera hori etxera ekartzen saiatuko direla garbi utzi nahi izan zuen Lizarraldek, "herritarrek hori eta askoz ere gehiago merezi dute eta".

 

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!