Asier Fernandez: "Herriko tenis zaleentzat pizgarri da antolatu dugun txapelketa"

Aritz Mutiozabal 2023ko ira. 21a, 10:15

Irailaren hasieran abiatu zuten Zarautzen Itxasmendi tenis txapelketa, eta Zarauzko bizilagun Asier Fernandez (Orio, 1985) antolatzailea gustura dago izan duen oihartzunarekin eta erantzunarekin.

Itxasmendi auzoan aspalditik daude teniseko pistak, baina orain arte ez zen txapelketarik antolatu. Nola sortu zen ideia?

Urte hasieran jai eta ekintza batzordea osatu zen Itxasmendin, eta auzoko festei begira, zer presta genezakeen ideiak proposatzen aritu ginen, betiere ditugun baliabideak kontuan izanda. Bizilagun askok aipatu zuten garai batean Itxasmendiko jaietan jokatzen zela haurrentzako tenis txapelketa bat. Hori horrela, jarduera hori berreskuratzea pentsatu genuen, baina, agian, egitura zabalagoa emanez. Beraz, apustu hori egin dugu irail honetarako.

Jaien barruko ekintza bezala sortu zen hasieran, hortaz?

Hala da, bai. Hala ere, jaietako egunetan jokatzeko txapelketa izateko laburregia izan zitekeela iruditu zitzaidan hasieran, eta, orduan, torneo moduko bat antolatzea proposatu nuen batzordean. Hilabete iraungo zuen torneoak eta finalak auzoko festetan jokatuko ziren, hain zuzen ere. Batzordekideak ados agertu ziren, ideia garatu nuen, eta pixkanaka-pixkanaka konturatu gara jendeak oso gogotsu jaso duela kirol egitasmoa.

Ideia auzoan sortu eta herri osora zabaldu da.

Behin torneoaren ideiari bueltaka, zergatik ez sortu Itxasmendi tenis txapelketa? Auzora begirakoa izan behar zuen ekintza txiki batek oihartzun zabalagoa izan du, eta azkenean herrira zabaldu da. Horrek asko poztu gaitu, egia esan. Horrelako esfortzua egin ondoren erantzuna jasotzen duzula ikustea benetan pozgarria da. Gainera, jokalariek beraiek ere baloratu egin dute teniseko egitasmo bat aurrera eramatea, herrian ez baitzegoen antzeko ezer.

Zarautzen kirol eskaintza zabala dago, baina tenisak falta zuen  bultzada bat, ezta? Izan ere, badira modu herrikoian aritzeko beste hainbat kirol.

Hori ere horrela da. Gainera, Itxasmendikoak dira herrian dauden teniseko udal pista bakarrak eta doakoak. Gainerakoak etxebizitza multzo pribatuetan daude, eta golf eremuan. Beraz, herritarrek tenisean jokatu nahi badute, Itxasmendira etorri behar dute, eta zale haientzako pizgarri izateko ere bada txapelketa. Uste dugu auzoak egitasmo honekin ekintza indartsu bat jarri duela abian herriari begira, eta ongi mamitu daitekeela.

Guztira, 30 lagunek eman dute izena lehen edizioan. Gustura erantzunarekin?
Izen emate epea uztail erdialdean zabaldu genuen, eta gure ezusterako, 30 lagunek egin zuten inskripzioa: hamazazpi gizonezkok, lau emakumezkok eta 16 urtez azpiko bederatzik, hain zuzen ere. Lehen edizio honetan ez genekien zer-nolako mailako jendea izango genuen, eta gaztetxoen maila 16 urtera arte mugatu genuen. Haientzako partaidetza txapelketa bat prestatu dugu, zeinetan garrantzitsuena ondo pasatzea eta kirol honetan trebatzea izango den. Helduen kasuan, aldiz, lehia formatuan jokatzen ari gara txapelketa.

Zer-nolako maila ikusten ari zarete partidetan?
Egia esan, uste baino maila hobea topatu dugu, eta bizilagunek balkoitik partidak jarraitzen dituztenean ere esan izan digute hori. Jokalariak dena ematen ari dira, erakustaldi polita eskainiz. Bagenekien herrian maila ona zegoela, eta benetan harro gaude txapelketak hartu duen dinamikarekin.

Orduan, irailaren 30an, finaleko egunean, jendez beteko al dira teniseko pistak?
Horretan saiatuko gara. Baina ez finaleko egunean bakarrik. Orain final laurdenetako kanporaketei ekingo diegu, eta buruz buruko partidetan egundoko maila ikusiko dugu. Beraz, aurrerantzean jokatuko diren norgehiagokak jarraitzea ez da plan txarra izango.

Nola ez, hau abiapuntua baino ez da. Jarraikortasuna izateko asmoarekin sortu duzue, ezta?

Ideia lantzen hasi ginenean, nik hiru ardatz edo helburu nagusi neuzkan buruan: bata, txapelketa sortzea; bigarrena, txapelketa bera jokatzea, eta gisa horretan, halako egitasmo bat nola antolatzen den ikastea, nire lehen aldia izan baita; eta hirugarrena, garatzea. Hirugarren ardatzari dagokionez, oraingo torneoa bukatzen denean hausnarketa egingo dugu, Itxasmendin zer-nolako txapelketa nahi dugun jakiteko. 

Horrez gain, jokalariek beraiek helarazi digute sortu berri den olatu txiki hau aprobetxatu nahiko luketela, jarraitzea gustatuko litzaiekeela. Beraz, datorren urteari begira, pentsatzen ari gara bi txapelketa antolatzea: bata, Aste Santu ondoren, liga formatuan jokatuko genuke, eta hortik sailkapen bat osatuko litzateke; eta bestea, Itxasmediko Sari Nagusia izango litzateke, irailean, baina kasu horretan ligako sailkapena hartuko luke kontuan multzoak edo kanporaketak zehazteko orduan. Hala, txapelketa bat eduki beharrean, bi izango genituzke datorren urtean, denboraldia osoagoa izan dadin.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!