Emakumeek osatutako sarea oinarri duen etxea

Aiora LarraƱaga Solaberrieta 2023ko ira. 23a, 11:00

Emakumeen Mahaiko kideak.

Irailaren 15ean ireki ditu ateak Saregile Orioko Emakumeon* Etxeak, eta proiektua sakonago ezagutzeko, hango talde eragilea den Emakumeen Mahaiko kideek erronkak eta helburuak azaldu dituzte. Argi dute herriko emakume guztien bilgunea izatea nahi dutela egoitza: "Adin, jatorri, kultura eta egoera guztietako emakumeak izango dira ongietorriak. Lortu behar dugu guztiok gure txokoa dela sentitzea".

Azken urteetan urrats garrantzitsuak egin dira herrian emakumeen ahalduntzearen inguruan, eta horretarako ezinbestekoak izan dira Orioko Emakumeen Ahalduntze Eskola eta Orioko Emakumeen Mahaia. Herriko emakumeen inguruan egindako diagnosiak eman zion hasiera bideari, eta hilaren 15ean inauguratu den Saregile Orioko Emakumeon Etxeak irekiko du aro berri bat. "Urratsez urrats egindako bidea" dela uste dute prozesu horren parte izan diren emakumeek, eta "itxaropentsu eta ilusioz gainezka" daude proiektu berriarekin. Hala, egoitza berria herriko andreen bilgune izatea nahi dute. Bide horretan, ezinbestekoa iruditzen zaie Emakumeen Mahaiaren jarduna, hori izango baita "gune berriaren motorra". "Emakumeen Etxea sortzeko aukera mahai gainean jarri zenetik, argi genuen herriko emakumeek osatutako talde batek hartu behar zuela gidaritza. Orioko Emakumeon Ahalduntze Eskolan oso xume hasi ginen lanean, astean ordu gutxi batzuk eginez. Pixkanaka indarra hartzen joan zen proiektua, eta hasi ginen herriko andreen ikuspuntua eta ahotsa biltzeko talde bat sortzeko saiakerak egiten. 2022an egin genuen deialdia, eta erantzun oso ona izan zuen", azaldu du Aizpea Esnaola Saregile Emakumeon Etxeko dinamizatzaile eta Pertzetik elkarteko kideak.

Orioko Emakumeen Mahaiak "herriko emakumeen ahotsa" izan nahi du, eta dagoeneko bertan parte hartzera animatu dira herriko hainbat emakume, arrazoi desberdinek bultzatuta. Alde batetik, badira "herrian emakumeen ikuspuntua eta presentzia indartzeko asmoz" gerturatu direnak. Izan ere, Orioko emakumeen diagnosia egin zenean emakume askok parte hartu zuten beren bizipenak partekatuz eta iritzia emanez, eta azterketa horretan atera zituzten ondorioak bat zetozen askok sentitzen zutenarekin; hain zuzen ere, bide horretan gehiago sakontzeko asmoz erabaki zuten Emakumeen Mahaian parte hartzea. "Ikusi nuen nire bizipenak ez zirela nireak bakarrik, nahiko orokorrak zirela, emakume askok bizi genituenak, alegia. Horregatik, Emakumeen Mahaia sortzeko deialdia egin zenean, herritar bezala nire ekarpena egin nezakeela pentsatu nuen", azaldu du mahaiko kide Ixaskun Cartonek. Badira beren kabuz emakumearen ahalduntzearen gaia jorratzen aritu eta Emakumeen Mahaian parte hartzea modu naturalean iritsi zaiela sentitzen dutenak ere; "lana dela-eta tokatu zait gaia lantzea, eta ikasitako hori herriarentzat aberasgarria izan daitekeela uste dut", adierazi du, esaterako, Belen Garatek. Beste batzuk, berriz, gazte garaian mugimendu feministako militante izan ziren, eta orain Emakumeen Mahaian parte hartzera animatu dira. "Bizitzako arrazoi desberdinengatik alde batera utzi nuen militantzia aktiboa, baina oso garrantzitsua iruditu zitzaidan udalaren ekimenez emakume eta gizonen arteko parekidetasuna eta emakumeen ikuspuntua eta iritzia bermatzeko mahai instituzionala herrian sortzea. Nire iritziz, aldaketa oso garrantzitsua gertatu da. Orain arte mugimendu feministan jardun garenok indar eta ahalegin handia egin dugu; azken urteetan aldaketa handia gertatu bada ere, askotan sentitu dugu ez garela entzunak izan, eta bazirudien gure kontuak zirela aldarrikatzen genituen gaiak. Orain, aldiz, herriko beharrak asetzeko sortu da Emakumeen Mahaia, eta hemen egiten ditugun ekarpenak kontuan hartuko dira herri mailan gauzak aldatzeko eta herri parekideago bat sortzeko. Hori urrats oso garrantzitsua iruditzen zait herriarentzat", hausnartu du Ainara Peñak.

Hala, Emakumeen Mahaiak ahots anitzak biltzea ezinbestekoa dela uste du Arantxa Iglesiasek. "Berdintasunaren arloan lan egiten dut, eta nire esperientzia pertsonala eta profesionala aberasgarri izan zitezkeela iruditu zitzaidan, herriko beste emakumeena bezala, noski. Nire ustez, aniztasun horrek izan behar du Emakumeen Mahaiaren gakoa, mugimendu feministako kideez gain gainontzekoek ere badutelako zeresana gai horretan".

Emakumeak saretzea helburu

Herriko aniztasuna islatzea eta emakume desberdinak erakartzea bada Saregile Emakumeon Etxearen erronka. "Taldean adin desberdinetako emakumeak bildu gara, baina guztiok gara zuriak eta Euskal Herrian jaioak", aitortu du Miriam Garciak. Hala ere, Emakumeen Mahaiko kideek argi dute egoitza berriak "herriko emakume guztien espazioa" izan behar duela, eta arlo horretan urratsak eman behar dituztela,"emakume horiengana iritsi eta ekimen erakargarria sortzeko. Adin, jatorri, kultura eta egoera guztietako emakumeak izango dira ongietorriak; guztion txokoa izatea nahi dugu. Batzuk izango dira parte hartzaileak eta beren ekarpenak egitea gustatzen zaienak, baina badaude andreak lotsatiak direlako edo beren buruaz seguru sentitzen ez direlako, oraindik ere iritzia ematen eroso sentitzen ez direnak. Bai batzuek eta bai besteek, guztiek izango dute tokia emakumeon etxean, guztiok garelako elkarren osagarri, batek behar duelako entzuna izan eta bestea aditzen sentitzen delako gustura", azaldu du Sorkunde Lizasok. 

Martxoan egin zuten bilera irekia jarri dute adibidetzat. "Bilera hartara emakume desberdin asko etorri ziren, eta guztiek adierazi zuten sentitu nahi zutela aske, lasai, babestuta eta zalantzan jarri gabe, besteak beste. Horrek esan nahi du emakumeok hutsune handiak ditugula, eta gustura sentituko garen gunea herrian izatea ezinbestekoa dela, beharra dugunean nora jo jakiteko. Emakumeek jakin behar dute momentu onak zein txarrak partekatzeko gune bat dutela eskura". 

Talde baten parte sentitzea ere garrantzitsua iruditzen zaie Emakumeen Mahaiko kideei. "Denok izan gaitezke laguntzaile une jakin batean. Aldamenean, entzunez, isilik egonda ere lagundu dezakegulako". Hain zuzen ere, Miren Beramendik "herritar berri gisa" aukera ikusi zuen Emakumeen Mahaiaren bidez herrira gerturatzeko. "Xaltxerak talde feminista atsedena hartu berri zen, eta Emakumeen Mahaia sortzeko deialdia egin zutenean, neure burua bertan ikusi nuen. Herria saretzen lagundu nahi nuen, eta ekarpena egin, Orio herri hobea izateko. Niretzat gozamena eta aukera bikaina izan da taldeko kide izatea, eta uste dut saretzeak izan behar duela Emakumeen Etxearen erronka". Ildo horretan, Garatek azpimarratu du taldeko kideak nor bere kasara etorri direla: "Gutako gehienok bistaz bakarrik ezagutzen genuen elkar, eta harreman estua sortu dugu. Taldeko bileran parte hartu nuen lehen aldian ez nekien nor topatuko nuen, eta horrek ere sortzen du ilusioa, emateko zein hartzeko aukera berriak sortzen dituelako. Elkartrukeak aberastu egiten gaitu, eta uste dut horrek izan behar duela Saregile Emakumeon Etxearen ardatza".

Konfiantzazko bilgunea

Emakumeen Mahaiko kideek hilabeteak daramatzate emakume izatearen inguruan hausnartzen, eta ohartu dira adin desberdinetakoak izan arren antzeko esperientzia, oztopo edota kezkak bizi dituztela. Gai horiek mahai gainean jarriz eta partekatuz, "eutsiak eta sostengatuak" sentitzen dira. "Sistemak ezarritako heziketa jaso dugu emakumeok, eta zentzu horretan, hutsune antzekoak ditugu guztiok. Gure bileretan, esaterako, atera izan dira gaiak emakumeontzat garrantzitsuak direnak, baina askotan isilean gordetzen direnak. Oso aberasgarria da taldea, gure artean sortzen delako espazio intimo bat beste gune batzuetan hitz egiten ez diren gaiak jorratzeko aukera ematen duena. Badakigu askatasunez eta lasaitasunez gure iritzia emateko bilgunea dela; ez da inor epaitzen", uste du Peñak. 

Klimaterioaren gaia da horietako bat; hain zuzen ere, emakumeen artean kezka sortzen duen gaia izanagatik, jendartean ez da horretaz hitz egiten. Horregatik, gaia jorratu eta hori lantzeko tailerra antolatu zuen Ahalduntze Eskolak, eta arrakasta handia izan zuen. "Konturatu ginen badaudela bizitzako fase batzuk emakume guztiok pasatzen ditugunak, baina horietaz ezer gutxi dakigunak. Klimaterioaren inguruko lantegian, esaterako, jende askok parte hartu zuen, eta batzuk kanpotik ere etorri ziren. Horrek erakusten du emakumeei eragiten dieten gai horiek lantzeko espazioen beharra eta gogoa badagoela", azaldu du Esnaolak. Lodifobiaren inguruko tailerrean ere gauza bera gertatu zela gehitu du Garciak. "Bertan parte hartu genuenok ohartu ginen ez gaudela bakarrik; gure bizipenak herriko jende askok bizi dituela, eta horrek oztopoak gainditzeko indarra ematen du". Hain zuzen ere, talde izaera horri eutsiz, Emakumeon Etxeak andreengan eragina duten gai horiek guztiak jorratu nahi ditu aurrerantzean, emakumeen ahalduntzean urratsak ematen joateko. "Gaur egun berdintasunean bizi garela uste dute askok, baina uste guztiz okerra da, asko baitago egiteke. Ahalduntzean urratsak eman eta gizartearen eraldaketan eragitea gustatuko litzaiguke" azpimarratu du Iglesiasek. Ahalduntze Eskolak ematen zituen ikastaro, tailer eta hitzaldiak eskainiko ditu orain Emakumeon Etxeak, baina horrez gain, beste dinamika batzuk sortzea ere badu helburua. "Oraindik oso zaila da jakitea zein izango diren ekimen horiek, lehen urratsak besterik ez ditugulako eman, eta jardunak erabakiko duelako zein izango den bidea".

Horrez gain, berdintasun-parekidetasun arloan sortzen diren mugimenduentzat erreferente ere bihurtu nahi dute. "Hezkidetza mahaia sortzen bada, hemen izango du tokia, baita deseraikitzeko asmoz sortzen den gizon taldeak ere". Herrian gertatzen diren gertakari matxisten aurrean "erantzuna emateko prest" daudela ere nabarmendu dute Emakumeen Mahaiko kideek. Esaterako, maiatzean Orion gertatutako hilketa matxistak herria gogor kolpatu zuen, eta Emakumeen Mahaiak hartu zuen, Orioko Udalarekin batera, egoeraren kudeaketa. "Xaltxerak talde feministak bere ibilbidea bukatu zuen, eta mugimendu feminista aktiborik gabe harrapatu gintuen egoerak herrian. Horren aurrean, guk heldu genion gaiari, Geneologia Feminista dokumentalaren harira elkartu ginen mugimenduko kideekin batera, eta egoera oso gogorrari aurre egitea tokatu zitzaigun. Elkarren sostengu izan ginen oso egoera zail batean".

Aldaketa garrantzitsua

Kontuak kontu, Emakumeen Mahaiko kideek sentitzen dute pixkanaka herria aldatzen ari dela: "Ikusi besterik ez dago herriko emakumeentzako egoitza berria non ireki den: Iturriaga jauregian. Hori, duela urte batzuk, pentsaezina zatekeen", nabarmendu dute. Udal hauteskundeetan ere hautagai guztiek azpimarratu zuten Etxe Morearen garrantzia. Atzera begiratzen dutenean, ordea, guztiz testuinguru desberdina gogoratzen dutela aipatu du Peñak. "Xaltxerak talde feministako kideok duela sei bat urte jo genuen udalera berdintasun politiken arloan zer neurri abiatu zituzten galdetzera, eta garai hartan udalean zeuden politikariak zer erantzun jakin gabe geratu ziren. Orain, berriz, lortu dugu ahotsa izatea eta gure proposamenak aintzat hartzea, eta hori herriarentzat aurrerapauso izugarria da". Dena dela, bidea hasi besterik ez da egin, eta aurrerantzean Saregile Orioko Emakumeon* Etxearen helburuetako bat izango da egunerokotasunean eragina duten emakume eta gizonen arteko botere harreman horiek ere iraultzea. "Mugimendu feministak, esaterako, greba feminista deitu du udazkenerako zaintza lanen egoera salatu eta zaintzarako eskubide unibertsala exijitzeko. Orain erronka da behar hori herrian ulertaraztea. Ikusarazi behar dugu parekidetasuna ez dela genero kontua bakarrik, arraza kontua ere badela. Zaintzari balioa eman eta gizartea oinarritzen den egitura matxista horiek ezbaian jartzeko ordua da".   

Pausoz pauso jorratu nahi dute bidea, baina Emakumeen Mahaiko kideek sentitzen dute "bazterretan" zeudenak elkartu eta "indar berri bat" sortu dela. "Pixkanaka erreferente bihurtzen ari gara; emakumeak hurbiltzen zaizkigu gai desberdinen inguruan galderak egiteko. Proiektua herritarren artean zabaltzen ari da, eta hori benetan pozgarria da, herriko emakume guztiek etxe hau bere sentitzea nahi dugulako".