Hauteskunde prozesua abiatu du Orio Arraunketa Elkarteak

Aiora LarraƱaga Solaberrieta 2023ko urr. 4a, 13:16
Astelehenean egin zuen Orio Arraunketa Elkarteak ezohiko batzarra. (OAE)

Orio Arraunketa Elkarteko zuzendaritzaren ardura hartzeko hautagai-zerrendak aurkezteko epea urriaren 16ra bitartean egongo da irekita.

Astelehenean ezohiko batzarra egin zuen Orio Arraunketa Elkarteak; 85 bazkidek parte hartu zuten bileran eta bertan hauteskunde prozesua abiatzeko urratsak eman zituzten. Batetik, hauteskunde batzordea osatu zuten; hain zuzen ere Joxemari Olasagastik, Joxemiel Udabe eta Patxi Atorrasagastik osatuko dute.

Bestetik, hauteskunde egutegia ere zehaztu zuten. Horren arabera, hautagai-zerrendak aurkezteko epea urriaren 16ra bitartean egongo da irekita, eta horiek klubean bertan edo posta-zertifikatuz (Orio AE - 21 Postakutxa - 20810 - Orio) aurkeztu daitezke. Zerrendek itxiak izan behar dute, gutxienez bederatzi bazkidez osatuak, eta zerrenda burua izango da presidentetzarako hautatua.

Hauteskunde batzordeak, urriaren 17an, asteartearekin, aztertuko du gaia, eta hautagai-zerrenda bakarra balego, inolako bozketarik egin gabe, horrek hartuko luke elkartearen zuzendaritza. Hautagai-zerrenda bat baino gehiago aurkeztuko balitz, berriz, urriaren 21ean egingo lirateke hauteskundeak.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!