Hasiera eman diote Mutiozabal Festari

Aiora LarraƱaga Solaberrieta 2023ko urr. 6a, 19:50

Herriko Plazan Albaolak eraikitako sei ontzi izango dira ikusgai gaurtik igandera; hain zuzen ere, ontzi horiek Jesus Mari Peronak Mutiozabalen aurkitutako plano zaharretan oinarrituz eraikiak daude.

Asteburuan Orioko plaza eta Mutiozabal ontziola itsas museo bihurtuko dira, Mutiozabal Festak hartuko baititu herria eta errio ingurua. Gaur arratsaldean egin dute aurkezpen-ekitaldia, eta ekimenak herriko ondarea zabaltzeko duen garrantzia azpimarratu dute bertan Orioko alkate Anuska Esnalek eta Mutiozabal Txo proiektuaren arduradunek. "Ontzi hauek ikusita irudimenak garai bateko Oriora garamatza, herri osoa helburu bakarraren bueltan bizi zen garaira. Gaurko festarekin, hain zuzen ere, hori irudikatu nahi izan dugu", azaldu du herriko alkateak. Baita ere gogoratu du duela urte asko "errioaren jiran onenak" izan zirela oriotarrak ontzigintzan. "Tamalez teknologia berriek guzti hori galbidean jarri zuten, baina oso garrantzitsua da gure ondorengoei jakintza eta balio horiek transmititzea". Hain zuzen ere, helburu hori du asteburuko festak, eta horretarako hainbat jarduera eta ekitaldi egingo dituzte larunbatean eta igandean.

Herriko Plazan, gainera, Albaolak eraikitako sei ontzi izango dira ikusgai gaurtik igandera, eta panel informatzaileak ere jarri dituzte horien xehetasunak jasoz. Albaolako zuzendari Xabier Agotek azaldu duenez, plazan bildu dituzten ontziak garai batean Jesus Mari Peronak Mutiozabalen aurkitutako plano zaharretan oinarrituz eraikiak daude. "Ontzi horiek aukera ematen dute itsasoaz gozatzeko beste modu batera, gure sustraiekin lotuta dagoen modu berezi horretan alegia. Benetako altxorra dira, eta guretzat opari bat da asteburuan Orion erakustea, gure itsas iragana aitortzeko modua delako. Ikaragarria da diseinu hauen atzean dagoen jakinduria".

Ekitaldiaren azken zatian Mutiozabal Txoren ontziola proiektuko arduradun Eider Arrutik asteburuko egitarauaren nondik norakoak azaldu ditu.

EGITARAUA

Bihar, larunbata

  • 11:00-14:00 eta 16:00-20:00 Mutiozabal Txoren ontziola bisitatzeko aukera eta ontzien erakusketa Herriko Plazan, saio dinamizatuekin.
  • 11:00-12:30 Juanita Larando patatxan nabigatzeko aukera, Herriko Plazatik abiatuta (aldez aurretik izena eman behar da turismo-bulegoan). 
  • 18:00-20:00 Sagar-jotzea Jo ala Jo kultur taldearen eskutik, eta ondoren, sagardo-dastaketa eta pintxoak, Herriko Plazan.

Etzi, igandea

  • 11:00-12:30 Ezagutu Mutiozabal Txo ontziola Txo eta Porrotxekin, Herriko Plazatik abiatuta.
  • 11:00-14:00 Mutiozabal Txoren ontziola bisitatzeko aukera eta ontzien erakusketa Herriko Plazan, saio dinamizatuekin.
  • 11:00-12:30 Juanita Larando patatxan nabigatzeko aukera, Herriko Plazatik abiatuta (aldez aurretik izena eman behar da turismo-bulegoan). 

 

 

 

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!