Jubenil mailako eskubaloi taldeak Euskal Kopa irabazi du

Aiora LarraƱaga Solaberrieta 2023ko urr. 13a, 12:38

Orio Eraginek 27-16 emaitzarekin irabazi du Euskal Kopako finala Basauri Eskubaloi Taldearen aurka. Taldeko kideek nabarmendu dute partida "borobila" izan zela.

Atzo goizean senior, jubenil eta kadete mailako Eskubaloiko Euskal Kopako finalak jokatu zituzten Zarauzko Aritzbatalde kiroldegian, eta emakumezkoen jubenil mailan Orio Eragin klubeko taldeak lortu zuen garaipena, Basauri Eskubaloi Taldeari 27-16 irabazita. Taldearen entrenatzaileak Ane Merketegi eta Nora Kortabarria badira ere, gai pertsonal batengatik kanpoan dira eta atzo Gari Garagarzak hartu zuen taldearen gidaritza. "Guretzat  Euskal Kopa irabaztea garrantzitsua izan da, baina urtean zehar egindako lanari ematen diogu batez ere inportantzia; jokalarien formazioan eta taldearen hobekuntzan jartzen dugu fokua, eta ligari ematen diogu garrantzia, ez emaitza aldetik, taldearen garapenari dagokionez baizik. Hala ere, egia da horrelako txapelketak taldearentzat erronka direla eta irabaztea beti dela pozgarria", azaldu du Garagarzak.

Pasa den igandean jokatu zuen taldeak ligako lehen partida, eta 27-17 galdu zuten norgehiagoka Kukullagaren aurka Etxebarrin. "Taldea emaitzarekin minduta geratu zen; horregatik, atzoko finalean helburua eskubaloian jokatzen gozatzea izan zen. Zentzu horretan partida oso ondo joan zen hasieratik. Talde guztia partidan murgildu zen buru-belarri; guztiek parte hartu zuten eta aldaketak ez ziren antzematen pistan. Lortu genuen maila altua mantentzea batez ere lehen zati oso on batean. Defentsan oso ondo aritu ginen; porterian ere bikain, eta atsedenera iritsi ginen 14-7ko emaitzarekin. Partida nahiko bideratuta genuen eta sentsazio oso onak genituen, talde lan ona eginez".

Bigarren zatian ere taldeak "eroso jokatu" zuela eta "kontzentrazioa mantendu" zuela nabarmendu du Garagarzak. "Taldeko ia jokalari guztiek sartu zuten golen bat, gainera. Egia esan atzokoa partida borobila izan zen eta lortu genuen Euskal Kopa irabaztea. Gutako batzuentzat Euskal Kopako hirugarren finala izan zen, baina aurreko biak galdu egin genituen. Horregatik, arantzatxo hori kentzea lortu genuen". Eragineko kideak garaipenarekin "oso pozik" daude, baina argi dute denboraldiak aurrera jarraitzen duela eta berriz ere Euskal Ligan zentratu behar dutela ahalik eta lanik onena egiteko.

Argazkiak: Sergio Cubero 

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!