Jon Olasagastik hartuko du Iosu Esnaolaren lekukoa Orio Arraunketa Elkartean

Andrea Zipitria 2023ko urr. 18a, 11:00

Bederatzi bazkzidez osatutako zuzendaritza batzordea izango du Orio Arraunketa Elkarteak, 2024-2027 urte bitartean. Jon Olasagasti aiarrak hartuko du Iosu Esnaolaren lekukoa, baina azken hau ere zuzendaritzan izango da. Patxi Francesek jarraituko du emakumeen traineruko entrenatzailea izaten, baina gizonezko traineruko entrenatzailearen berri datozen egunetan emango dute. Erabakitzeke dute oraindik. Aurkezpenean eman zuten halaber, plan estrategikoaren berri.

Datozen lau urtetan Orio Arraunketa Elkarteko presidentea izango da Jon Olasagasti. Iosu Esnaolari hartuko dio lekukoa aiarrak, baina azken honek ere jarraituko du klubean. Izan ere, zuzendaritzako kideetako bat izango da. 

Atzo bildu zen bazkideekin Orio Arraunketa Elkartea, datozen urteetako asmoen berri emateko eta halaber, zuzendaritza talde berria aurkezteko. Jende andana bertaratu zen bertara. Iosu Esnaola izan zen hitza hartzen lehena, eta eskerrak eman zizkien azken urteetako arraunlariei, oriotarrei eta baita ere babesleei. Zentzu honetan, zehaztu zuen zuzendaritza berriko kideak "bertakoak" izateaz gain, "oso ondo prestatutako profilak" dituztela, eta guztiak ere oriotartasun "sentimenduarekin", noski.

Hain zuzen ere, 2024-2027ko zuzendaritza batzordea osatuko dute:

1. Jon Olasagasti
2. Andoni Campos
3. Xabier Manrique
4. Ander Atorrasagasti
5. Itziar Olasagasti
6. Iosu Esnaola
7. Josu Atorrasagasti
8. Xabier Altuna
9. Lino Mari Carrera

Agerraldia baliatu zuten datorren urteko traineru entrenatzaileak helarazteko. Patxi Francesek jarraituko du emakumeen traineruko gidaritza lanak egiten. Gizonezkoen entrenatzailearen berri ordea ez zuten eman: "Nahiz eta azkenaldian zurrumurru asko zabaldu, gaur-gaurkoz, ezin dugu izenik eman, ez baitugu ezer itxita", azaldu zuen Andoni Campos, zuzendaritzako kide berriak. Momentuz, goi-mailako gizonezkoen traineruetako entrenatzaile izan daitezken zortzi pertsonekin bildu dira, baina erabakiak "lasai eta ondo" hartu nahi dituztela iritzita, ez zuten izenik eman aurkezpenean. Hala ere, datozen egunetan erabakitzea da asmoa.

"Oriotartasuna, profesionaltasuna eta apaltasuna"

Datozen lau urtetako norabidea zehaztuko duen plan estrategikoa azaldu zuten aurkezpen ekitaldian. Hori guztia burutzeko, elkarteko 30 kide baino gehiago elkarrizketatu dituzte, tartean klubeko sortzaileak, entrenatzaileak, laguntzaileak, gurasoak...

"Oriotartasuna, profesionaltasuna eta apaltasuna" horiek dira elkarrizketa horietan guztietan behin eta berriz errepikatu diren hitzak atzoko aurkezpenean azaldu zutenez. Horregatik, hortik abiatuta "sei lan-lerro" bereizi dituzte "Orio gorenean" jartzeko helburuarekin. Honakoak dira sei lan-lerroak: 

  • Arraun eskolako modeloa definitzea, eta independentzia ekonomikoa bermatzea.
  • Goi maila eta kalitatezko emaitzak egonkortzea eta trainerutik haratago joatea.
  • Arraun materiala eta azpiegituren inbertsioa, mantenua eta optimizazioa.
  • Orio Arraunketa Elkartearen estruktura definitzea eta optimizatzea.
  • Orio Arraunketa Elkartea prestigioa eman eta Orio markaren indarra berpiztu posizionamendu positibo bat lortuz.
  • Finantza eredua balidatzea eta negozio unitateak sortzea.

 

 

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!