Emakume ekintzaileen topaketa egin dute Udal Elkartearen egoitzan

Jabi Gonzalez Toston 2023ko urr. 18a, 14:00

Eskualdeko hogei bat lagun elkartu dira bertan, eta bakoitzak bere esperientzia elkarbanatu eta beren negozioei buruz hitz egiteko aukera izan du bertan.

Intza Unanuek gidatuta eta giro paregabean egin dute eskualdeko Emakume Ekintzaileen Topaketaren lehenengo edizioa gaur goizean UKUE Urola Kostako Udal Elkartearen egoitzan. Gipuzkoako Foru Aldundiak eta UKUEko Ekonomia Sustapenerako zerbitzuak antolatu dute ekimena eta hogei bat lagun elkartu dira. Bakoitzak bere esperientzia eta negozioa azaldu ditu eta kezkak eta beldurrak azaleratu ditu. Horretaz gain, coaching saioa ere jaso dute bertaratuek pertsonen eta negozioen garapenean aditua den Amaia Zabaluaren eskutik.

Ondoren, atseden txiki bat eduki dute parte hartzaileek, eta amaieran, Enpresa Sustapen zerbitzuaren bitartez negozio arrakastatsua abiatu zuen emakume batek haren nondik norakoak azaldu ditu. Ekitaldiaren helburua izan da emakume ekintzaileek beren bizipenak, zailtasunak eta arrakastak elkarbanatzea, baita beste ekintzaile eta enpresariekin sarea egitea ere.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!