Jero Allo eta Aitziber Campos: "Hemengo lasterketetan giroa berezia da, jendeak asko animatzen duelako"

Aiora LarraƱaga Solaberrieta 2023ko urr. 19a, 10:00

Jeronimo Allo eta Aitziber Campos senar-emazteak Super Halfs proban parte hartzen ari dira; hala, bost maratoi erdi biltzen dituen egitasmoaz aritu da Campos.

Nola sortu zitzaizuen Super Halfs egitasmoan parte hartzeko ideia?

Valentziako (Herrialde Katalanak) maratoi erdian parte hartzera joan ginenean, lagun batek aipatu zigun berak izena eman zuela. Gu ere parte hartzera animatu ginen, bestela egingo ez genituzkeen lasterketak egiteko aitzakia polita baita.

Zertan datza?

Europako bost maratoi erdik osatzen dute Super Halfs egitasmoa: Lisboakoak, Pragakoak, Kopenhagekoak, Cardiffekoak eta Valentziakoak. Hiru urtetan bostak osatzen dituztenek Super domina jasotzen dute. Probak osatzean ez dute ematen sari berezirik, erronka pertsonal gisa ulertzen dugu guk, eta aitzakia horrekin asteburuko irteera motzak egiten ditugu haurrik gabe.

Orain arte zein egin dituzue?

Valentziakoa izan zen lehenengoa, 2022ko urrian egin genuen; aurten, Aste Santuko oporraldia baino lehen, Lisboako maratoi erdia osatu genuen, eta duela aste pare bat, urriaren lehenean, Cardiffekoan izan ginen. Kopenhagekoa eta Pragakoa geratzen zaizkigu egiteko, eta datorren urtean horiek egin ahal izateko egutegia aztertzen ari gara.

Zer moduzkoa da atzerriko maratoi erdietan izaten den giroa?

Lasterketa bakoitzak badu bere berezitasuna, baina Behobia-Donostia bezalakorik ez dago: Valentziakoan, esaterako, kilometro guztietan batukada zegoen giroa alaitzen, baina oso jende gutxi ari zen animatzen; Lisboakoaren irteera ikusgarria izan zen, baina lasterketa bera ez zitzaigun gustatu, eta Cardiffen jende asko zegoen lasterketa jarraitzen, baina oso gutxi animatzen zuten. Euskal Herrian korrika egiteko zaletasun handia dago; horrek korrikalarien familiakoak eta lagunak mobilizatzen ditu, eta hemengo lasterketetan giroa berezia izaten da, jendeak asko animatzen duelako. Hala ere, esperientzia gisa oso polita da Super Halfs, aitzakia horrekin bidaiatzeko aukera dugulako.

Aspalditik jarduten al zarete korrika?

Duela bederatzi urte hasi nintzen korrika, oposizioak prestatzen ari nintzenean. Urte askoan 06:30ean joan izan naiz lagun batzuekin, baina batek min hartu zuen, eta besteak ezin zuen jarraitu. Ni, ordea, fisikoki indartsu sentitzen nintzen, eta pentsatu nuen Behobia-Donostia prestatzeko unea zela. Orioko Atletismo Taldeko Aitor Rubiorekin hitz egin nuen, eta harekin hasi nintzen entrenatzen. Behobia haren ondoren, Jero [senarra] animatu zen, eta ordutik elkarrekin egiten dugu korrika. Bi urtetan sei maratoi erdi eta bi Behobia-Donostia egin ditugu.

Zaletasuna handituz joan da, beraz?

Bai, gure buruari erronkak jartzen joan gara. Gozatzera ateratzen gara, eta ahal badugu gure burua gainditzera, baina beti jakinda gure mugak zein diren. Maratoi erdiak 21 kilometrokoak dira, eta argi dugu hori ezin dela edozein modutara egin, prestatu egin behar dela.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!