Jasangarritasuna eta kirolak bat egin dute Behoria Garbian

Andrea Zipitria 2023ko urr. 21a, 16:00

Oria ibaiaren jaitsiera izan da jarduerarik jendetsuena. 98 pertsona bildu dira, eta ibaiaren ertzetan aurkitutako zaborra jaso dute. Beste hainbat jarduera ere izan dira herrian, bisita gidatuak, erakusketak eta hitzaldiak kasu.

Oria ibaiaren jaitsiera, arraun-surfa, bisita gidatuak, tailerrak, erakusketak eta hitzaldiak... denetarik izan da gaur Orion, Behoria Garbia ekimenez. Begi Bistanek antolatu du ekimena, eta herriko txoko ezberdinetan ekoturismo-jarduerak ari dira izaten. Eguraldia lagun, herritar asko gerturatu da Oria ibaiaren eta herriko plazaren inguruetara. Hain zuzen ere, ekintza guztiak horien bueltan aurreikusi baitituzte.

Goizean goiz izan den Oria ibaiaren jaitsiera izan da jarduerarik nagusiena. Antolatzaileek azaldu dutenez, 98 pertsona aritu dira hainbat taldetan elkartuta, kayak-ean eta arraun-surfean, ibaian eta ertzetan aurkitutako zaborra jasotzen. Horiek guztiak, plazan jarri dituzte ikusgai ondoren. 

Kirol jarduera horiez gain, hainbat bisita gidatu eskaini dituzte egunean zehar, Orio herria eta arraunaren historia ezagutzeko helburuarekin. Baita ere tailerrak eta erakusketak hartu dute herriko plaza, guztiak ere jasangarritasuna abiapuntu hartuta ospatu dira.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!