Haurrek aurrez aurre ezagutu dute Jorge Oteizaren erraldoia

Andrea Zipitria 2023ko urr. 22a, 11:00

Haur batzuk gustura eta beste batzuk negar zotinarekin ibili ziren atzo korrika herrian. Jorge Oteiza artista oriotarra jaio zela 115 urte bete ziren atzoko egunez, eta ospakizun gisa, Jorge Oteiza erraldoia herrian izan zen, Egues Ibarreko erraldoien konpartsarekin batera. Kalera atera zituzten baita ere Pello eta Nikolasa.

"Pello! Nikolasa!" zioten atzo arratsaldean herriko haurrek eta hainbat galdezka ziren zein ziren gainontzeko erraldoia. "Hori Oteiza ba" erantzuten zieten beste batzuk. Bada, atzokoan Jorge Oteizaren erraldoia aurrez aurre ezagutzeko aukera izan zuten Orioko haurrek. Artista oriotarra jaio zela 115 urte bete ziren atzoko egunez, eta hori kontuan hartuta, bere erraldoia herrira ekarri zuten, Egues Ibarreko konpartsarekin batera. 

Batzuk pozik ziren, beste batzuk ez hainbeste. Kontuak kontu, jende ugari bildu zen hitzorduan. Hendaia plazan hasi zuten ibilbidea. Pello eta Nikolasa erraldoiek egin zieten harrera Jorge Oteizari, Pepita Uriz irakasleari eta Peio eta Irati dantzariei. Argazkia atera eta herriko plazara abiatu ziren. Bertan egin zuren bigarren geldialdia, Oteizak Victor Enbili osaba pilotariari egindako harrizko bustoaren parean. Jarraian, gaiteroen musikak lagunduta, Eusko Gudari kaletik barrena joan eta Arrantzale kaletik itzuli ziren erraldoiak. Elizako zimitorioaren azpian dagoen Pietatearen egurrezko erreplikan egin zuten azken geldialdia. 

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!