Gure Altxorrak egitasmoak moda sortzaileak bilduko ditu bihar plazan

Andrea Zipitria - Urtzi Oteiza 2023ko urr. 27a, 11:54

Bigarren urtez jarraian, Gure Altxorrak moda desfilea izango da bihar Orion; aurten, zazpi sortzaile elkartuko ditu egitasmoak, eta egun osokoa izango da egitaraua. 

Gure Altxorrak egitasmoaren bigarren edizioa egingo dute bihar Orion. Herriko eta inguruetako moda alorreko sortzaileei bultzada ematea du helburu festak. Herriko gazte ekintzaileek abiatutako proiektua da, gainera. Nikolas Iriondo eta Rosa Atorrasagasti oriotarrak ekintzaile izateko ikasten ari dira, eta haiena izan zen proiektuaren ideia; iaz jarri zuten martxan. "Ni oso oriotarra naiz, eta sortzaile diren lagun asko ditut. Jon Alkainekin hitz egiten hasi nintzen; Orion denda bat ireki berri zuen orduan, eta zerbait egiteko ideia otu zitzaigun", azaldu du Atorrasagastik, Gure Altxorrak egitasmoaren antolatzaileetako batek. Hala jaio zen Gure Altxorrak.

Egun baten faltan, «urduritasuna» nabari da antolatzaileen artean, baina, hala ere, "gogoz" daude. Atorrasagastik zehaztu duenez, diseinatzaile eta modelo guztiekin hitz egin dute dagoeneko, eta prest dute guztia. "Pasa den urtean oso ondo ateratzen dena, eta aurten ere hori espero dugu. Beste behin egitea oso seinale ona da; herriak oso ondo hartu zuen egitasmoa, eta horretan jarraitzea da asmoa".

Gure Altxorrak egonkortzen ari den honetan, aurtengo desfilean zazpi marka izango dira ikusgai, eta horietatik bik lehen aldiz parte hartuko dute: Dsenlc (Ane Amas oriotarrarena) eta Neran Nere Eran (Nerea Ruiz oriotarrarena) etxeek, hain zuzen ere. Poltsak eta belarritakoak egiten dituzte, hurrenez hurren. Gainerakoak, berriz, honako hauek izango dira: Soia Bridal eta Lama The Label (Goiuri Unanue oriotarraren markak), Ione Iruretagoiena (izen bereko sortzaile zubietarrarena), Darrk (Markel Velez zarauztarrarena), Ural (Jon Alkain oriotarrarena) eta Indart(U) (Rosa Atorrasagasti oriotarrarena).

Moda desfilea izango da biharko ekitaldirik garrantzitsuena, baina Gure Altxorrak ez da horretara bakarrik mugatuko, egun osoko egitaraua prestatu baitute. "12:00etan ekingo diogu egitarauari, eta goizean zehar umeei eskainitako tailerrak egingo ditugu. Aldi berean, postu ezberdinak izango dira plazan, eta eguerdian geldialdia egin ondoren, haurren desfilea eta moda desfile nagusia egingo ditugu", esan du Atorrasagastik.

Markel Velez, bigarrenez

Iazko esperientzia "polita" izan zela iritzita, aurten bigarren urtez jarraian parte hartuko du egitasmoan Markel Velezek. Darrk markarekin joango da zarauztarra Orioko plazara. Herri kirolen gaia aukeratu du desfilerako Velezek: "Iaz ezkontzako jantzietan zentratu nintzen, eta aurten, berriz, guztiz aldatuko dut kontzeptua. Herri kirolen inguruan sortu ditut jantziak, baina nire esentzia pieza guztietan dago presente".

Erdoil izena jarri dio hark aurtengo bildumari. Diseinu aldetik, "kateatuta" egon dela iritzi dio: "Lagun baten ideia izan zen Erdoil izena jartzearena, asko gustatu zitzaidan, eta horregatik darama izen hori bildumak", gehitu du. Zortzi pieza plazaratzea da Velezen asmoa, baina denboraz "larri" dabilela nabarmendu du, eta horregatik, seguruenik, zazpi izango direla. 

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!