Tokiko modak hartu du Orio

Mireia Galarza Bastida 2023ko urr. 29a, 10:37

Jon Alkain disenatzaile oriotarra arduratu zen aurkezle lanak egiteaz, eta berak eman zituen desfilean parte hartuko zuten marken azalpenak: kolekzioen inspirazioa, erabilitako materiala, nori eskainiak zeuden... Zehazki, zazpi marka izan ziren atzokoan ikusgai.

Ikusmina sortu zuen atzokoan bigarren urtez jarraian antolatutako Gure Altxorrak ekimeneko moda desfileak. Dozenaka herritar bertaratu zen herriko plazara, batzuk baita ordubete lehenago ere, lekurik onena hartzeko asmoz. 

Jon Alkain disenatzaile oriotarra arduratu zen aurkezle lanak egiteaz, eta berak eman zituen desfilean parte hartuko zuten marken azalpenak: kolekzioen inspirazioa, erabilitako materiala, nori eskainiak zeuden... Nabari zen herritarrak gogoz zeudela herriko nahiz inguruko disenatzaileen proposamenak ikusteko, eta halaxe izan zen. Izan ere, txalo zaparradaz eta begiak ireki-irekita erreparatu zieten modeloek zeramatzaten arropei. Batzuk egunerokotasunean eramateko moduak ziren, besteak ausartagoak, ekitaldi bereziagoetarako modukoak.

Zehazki, zazpi marka izan ziren atzokoan ikusgai. Horietatik bik lehen aldiz hartu zuten parte: Dsenlc (Ane Amas oriotarrarena) eta Neran Nere Eran (Nerea Ruiz oriotarrarena) etxeek, hain zuzen ere. Poltsak eta belarritakoak egiten dituzte, hurrenez hurren. Gainerakoak, berriz, hurrengo hauek izan ziren: Soia Bridal (Goiuri Unanue oriotarrarena) eta Lama The Label (Goiuri Unanue, Estela Atorrasagasti eta Maria Arrutirena), Ione Iruretagoiena (izen bereko sortzaile zubietarrarena), Darrk (Markel Velez zarauztarrarena), Ural (Jon Alkain oriotarrarena) eta Indart(U) (Rosa Atorrasagasti oriotarrarena).

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!